Lan gatazka

Gipuzkoako metalgintzako aldeek gaur bertan bilatuko dute akordioa

Adegik mahaira deitu ditu sindikatuak bere proposamenean gehigarri batzuk egin eta gero

CCOO sindikatuko ordezkariak Adegiren egoitza sartzen, mahaiaren azken bileran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmena egia izan daiteke ordu gutxian. Adegi patronalak sektoreko mahaira deitu ditu sindikatuak gaurko, eta arratsaldeko lehen orduan egingo duten batzar hori giltzarri izango da Gipuzkoako itun handienean akordio berri bat egon dadin. Patronalak mahairatutako azken proposamena ELAk bakarrik onartu du, eta beste sindikaturen baten babesaren zain dago. ELAk ordezkaritza handiena duen arren —ia %49—, ez da nahikoa eragin orokorreko akordio bat egiteko, eta hil hasieran egindako azken bileran babes hori ez du lortu proposamenak. LABek, CCOOk eta UGTk ez dute nahikotzat jo agiria, gabezia batzuk ikusten dituztelako. Baina gaur bertan egingo duten bileran jarrerak alda daitezke, Adegik berritasun batzuk eskainiko dituelako, BERRIAk jakin duenez.

Gipuzkoako patronalak uste du eskain dezakeen akordiorik onena eskaini duela, iritsi dela mugara, eta pilota sindikatuen teilatuan dagoela. Baina hori helarazi eta egun gutxira, mahaira deitu du, eta horrek esan nahi du berritasunak egon badirela, seguruenera azken egunetan sindikaturen batekin negoziatu ondoren. Genero berdintasuna dago LABek aipatu dituen gabezien artean, eta, alor horretan hobekuntzarik bada, Gipuzkoako metalgintzaren ituna egia bihur daiteke luze gabe; sindikatu abertzaleak esan dio egunkari honi tentuz aztertuko dituela Adegik mahairatzen dituen aldaketak, eta ez duela baztertzen akordiorik egotea.

Berdintasun batzordea

Enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago emateko derrigortasuna jaso du Adegiren itun proposamenak, berdintasunari dagokionez. Bizkaiko metalgintzako itunak, ordea, batzorde bat eratzea jaso zuen alor hori jorratzeko, iazko hondarrean; bada, proposamen hori Gipuzkoara ekartzeak ez du zertan zaila gertatu.

CCOOk eta UGTk gutxiengoan egindako sektoreko hitzarmenean jaso zuten horrelako batzorde bat eratzea, 2010. urtean, nahiz eta azken urteotan ez den aktibatu. Batzorde horri egutegi bat eta edukia emateak aska dezake korapilo handia orain.

Bestela, Adegiren proposamenak 2019ra arteko %8,8ko soldata igoera jasotzen du —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021erako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita ultraaktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.

Gainera, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», ELAren ustez. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Gainera, soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Eta, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.

Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegik metalgintzaren ituna berritzeko lehen bilera, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi dira berriro aldeen arteko negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioaren itzalpean, iazko abenduan. ELAk Adegiren azken proposamena onartu eta «akordio historiko bat» egiteko prest dagoela azaldu zuen iraila bukatu aurretik. Gaur bertan ikusiko da akordio handi hori ba ote dagoen, gaurko bilera argigarria izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.