Hedoi Etxarte
LARREPETIT

101 urte

2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Azaroaren 7an beteko dira ezinezkoaren muga gainditu zuen iraultzaren mendeurrena eta bat gehiago. Sobietar iraultza: bere autoreek espero ez zutena espero ez zuten bezala gertatuko zen akontezimendu hura.

1924an hil egin zen Lenin, eta historia erregai izan zuen iraultzak mahuka aldatu, eta eraldaketaren depositoa mitora lotu zuen. Hezur-haragizkoa itzali zen, eta harrizko eta brontzezko Leninek hartu zuen lekukoa. Lenin monumentua kale eta plazetara. Baina Krupskaiak gogoratzen zuen gobernu boltxebikearen lehenengo asteetan «inork ez zuela Leninen aurpegia ezagutzen... Arratsetan sarritan Smolni inguruan pasiatzen genuen, eta inork ez zuen inoiz ezagutzen, zeren orduan ez zegoen potretik». Lenin hil ostean, aldiz, mundu osoko etxeetan zabaldu ziren «Leninen txokoak». Bere soinak auditorio publikoetan azaldu ziren eta intsigniak arropan eta musika taldeen diseinuetan. Froga material horiek, Susan Buck-Morss-en aburuz: «Lenin beti gurekin dago» esan nahi dute, alegia, gurari iraultzaile bat adierazten dute: beti gurekin dago. Historiaren erlojua gelditu nahi zuten eta esatea: hemen bada hausturarako bide bat, orainaldi etengabe bat.

Urri hura lurperatu zuen sortu zuen mende berak. Baina azaroaren 7ko urri hori berrirakurri gabe ezingo gara beste haustura batera iritsi. Garaitu duten haustura guztiek oso ongi ikasi dituztelako aurreko porrot eta garaipenak: itzuli behar gara. Iruñerrian bada salgaiak banatzen lanean egiten duen hegoamerikar bat baino gehiago Vladimirren ezizena daramana. Eta guk, haiek aurrekoen porrotekin egin bezala. Sobietar kapitulua eta gure mundua ia estereoan irakurri behar genituzke: mekanizismorik gabe baina erradikalki. Kapitalismoaren soinu bandak, MTVk, festa ospatzen duen Bizkaian lau izarretako hotelak garbitzen dituztenek 2,5€ jasotzen dituzte orduko. Karitatea eta elkartasuna bereizten ez dakiten ezkertiarren EH faxismoak Brasil eta Altsasu lotzen dituen munduan.

Laster etorriko ditun bueltak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.