Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Kultura

2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Norbaitek zioen kultura ez dela liburuetan kabitzen; badela beste kultura bat jaso egiten dena, irakatsi gabe transmititzen, herri baten nortasunaren adierazle. Kultura da herri batean gertaturiko bahiketak eta hilketak argitu gabe egotea, nahiz eta 38 urte pasatu ordutik. Kultura da gaur ere milaka fusilatu egotea hobi komunetan, eta hain interes gutxi hori aldatzeko. Kultura da Estatuen biolentzia alde batera uzten duen unitate didaktikoa sortzea, hain zuzen, bakearekiko konpromisoa eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzen ari diren berberek. Kultura da jai-giroan zegoen gazte bat tiroz hiltzea, 2012an, eta, sei urte geroago, epaitegian, borrero eta enparauek justizia eskatzen ari zirenei aurpegira barre egitea.

Kultura dira, edo kultura miserable baten erakusgarri, behintzat.

Komando Autonomo Antikapitalisten kidea zen Jose Migel Etxeberria Alvarez Naparra, eta 22 urte zituen Ziburu inguruan desagertu zenean. Ia lau hamarkadako borrokaren ostean, bere semearen desagerpena argitu eta gorpuzkiak aurkitu gabe hil da Celes Alvarez. Emakume horren eta senideen kemenak lortu zuen NBEk kasu hura desagertze behartutzat jotzea; horri esker, gizateriaren aurkako delitu da, eta ezin iraungi. Aurtengo maiatzean, kemen horrek beste ate bat zabaldu du bilatze lanetarako, eta, horrekin, beste itxaropen printza bat Celesen bihotzean, azkena. Jon Alonso Fourcade liburu batean biltzen ari da Naparrakasuari loturikoak; Tene Mujika saria irabazi berritan esan zuen familiaren laguntzarekin berregin nahi zuela Jose Migel Etxeberria Alvarezen historia, eta, ahal zela, ikerbidean den gorpuaren aurkikuntza kontatu. Lehena erdizka baizik ezin egin, eta bigarrenean jarriko dugu indarra, kultura puska bat kabi dadin liburu horretan eta etorriko direnetan.

Aukeran, Celes Alvarezen kulturarekin geratzen naiz ni, edo Fina Lizeranzuk eta Manu Cabacasek minez erakutsi behar izan dutenarekin, botere publikoek egunero bistaratzen dituzten miserietatik urrun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.