maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ikasten

2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Behar nuen guztia ikasten ariko banintz, ez nintzateke joanen larunbatean Baionako karriketara presoak aska ditzatela ozen eskatzera. Eta ez nintzen joan izanen horien aldeko San Silvestrera lasterka egitera, ez urte zaharreko giza katera, ez Etxerat-ek Oiartzunen antolaturiko bertso saio gogoangarrira ere.

Behar nuen guzia ikasten ariko banintz, ez nuke parrandarik egin izanen 24 gauean, ez 31n, ez 5ean. Ez nukeen amatxiren eta amaren irriez gozatuko afalondoko nor da nor jolasean. Ez nintzateke kuadrillako edo bertzelako lagunekin solasean ariko ordu txikietara arte. Ez koplatan eta zirikan ibiliko ere eskualdeko taldekako bertso txapelketan.

Behar nuen guzia ikasten ariko banintz, ezinen nintzateke gurasoengandik ia independente bizi, eta ikasten eta lanean aritu aldi berean, bertze inork mantendu gabe unibertsitateko ikasketak egitea ezinezkoa den sistema sasi-publiko honetan.

Behar nuen guzia ikasten ariko banintz, bizitzaren zati bat galtzen ariko nintzatekeen sentipena izanen nuke; eta hala litzateke, partez. Eta ikastetxean edo unibertsitatean izena emanak gauden guziek ikasiko bagenu azterketetan hamarrak edo hogeiak ateratzeko behar adina eguberriotan, ez litzateke izanen, agian, gazterik karriketan: liburutegietan geundekeelako guziak, muturrak liburuetan sartuta, eta ez bertze mila saltsatan.

Hau ez da ikasketen kontrako apologia bat; ni neu hor bainago sartua, eta ikasten ditut, liburu eta klaseei esker, gauza zinez aberasgarriak; baita plazerez ikasi ere. Baina ez ote da alienagarria azterketa garaiko azken esprint hau, adin tarte bateko gazte ugari bakartzen gaituena denbora tarte luze batez? Zorionez, eguneroko bizitzak ere ematen dizkigu irakaspenak, eta ikasten dugu bertzelakoetatik; eskolaz kanpo, eta etengabe. Liburuetara soilik mugatuko bagina, pena handia litzateke. Zorterik onena nire gisa zabiltzatenoi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.