Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Egungo gerrak (IV)

2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Erbestea (barrukoa, kanpokoa) hamarkada honetako gako-hitz bat izango da», dio, kartzelan dela, Udaberri kantoi-hautsia nobelako Santiagok. Hala kontatzen dizkigu bost erbeste Mario Benedettik idatzitako eta Aiora Jakak euskaraturiko testu puskak, Uruguaiko diktaduraren arrastoan. Erbesteaz badakigu zerbait herri honetan ere, eta oihartzun handia eginen digute nobelako barne zein kanpo erbesteetako pasarteek.

Don Rafaelek, kasurako, hala dio: «Erbestean nor bere bizitza berrantolatzea ez da, hainbestetan esan ohi den moduan, zerotik kontatzen hastea, baizik eta minus lautik edo minus hogeitik edo minus ehunetik». Kurioski, Nafarroako mapa politikoari buruzko erreportajean (BERRIA, 2019-01-19), Aingeru Epaltzak ere irudi bera zerabilen; hots, duela lau urte, aldaketa gobernuan ez zela hutsetik abiatu, «zero azpitik hogeitik» baizik. Benedettik berak sorterritik alde egin, eta, besteak beste, Perun, Espainian eta Argentinan gorde behar izan zuen.

Urte batzuk lehenago, gaurko egunez 1931n, Buenos Airesen hil zuten Severino di Giovanni anarkista. Hara eraman zuen erbeste politikoak ere, Mussoliniren faxismotik ihesi. Lucio Urtubiak bezala, dardaraka jarri zuen banketxe bat baino gehiago, eta lapurreta handienari esker bete zuen italiarrak bere ametsa: inprenta bat zabaltzea. Gutxi geroago fusilatu zuten, etxetik urrun.

«Erbestean hiltzea, bistan denez, itzuleraren ukazioa da, eta hori da beharbada haren alderik ilunena». Benedetti sorterrian hil bazen ere, mamuak erbestez erbeste segituko zion. Itzuleraren ukoaren mamua itzal izan zuen Oier Gomez preso ohiak gaixoaldi osoan; Gasteizera itzuli ezinda hil da, nahiz eta Euskal Herrian, Baiona atzerritzat jotzeak duen alde on bakarrenetakoaren ondorioz. Zaballan hil da beste gazte bat, kartzelaren exilioak jota. Bientzat, Idea Vilariñok dio: «Sekula ez gaur bezain handi heriotza,/oroz lehen, orotan gaindi, ororen buru/eta ni, tragikoki banoala sentitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.