maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Lan munduratzea

2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
EHUk sustaturiko beka batekin lanean izan da gure artean lagun bat, hiru hilabetez. Nahiko erraz lortu zuen sartzea: unibertsitateko gradua bukatu berri, eskaintza egin zion fakultateko praktiketako arduradunak, eta, izena emanda, aukera izan du hiru hilabetez lanean aritzeko. Hezkuntzatik lan arlora igarotzeko beka izena zuen programak, eta, berez, enpresa edo elkarteentzat ez dago batere gaizki: hiru hilabetez lanean edukitzea gazte bat, prestakuntza jaso berria eta lanerako gogotsu dagoena. Horren truke 1.500 euro jartzen ditu EHUk, ikasketak bukatu berriak dituen langileari emateko; trukean, enpresak edo elkarteak ez du deus jarri behar: gaztea harekin izan dela aitortu eta bukaeran balorazio bat egin, bertzerik ez.

Ikasketak bukatuak dituzten lagun ugari izan ditut udazkenean horrela lanean. Eta anitzek erranen dute zorte ikaragarria dela. Halaxe saltzen baitu EHUk ere: ikasketetatik lan mundura jauzi egiteko trantsizio gisa. Kontua da, bistan denez, hutsune batzuk badituela: hasteko eta behin, bekaren bukaeran jaso behar zuten langileek dirua, hiru hilabetez deus kobratu gabe ibili ondotik —negoziatuta azkenean lortu dute batzuek bi epetan jasotzea, behintzat—. Eta kobratuta ere, hilean 500 euro ez dira pagotxa. Kotizatuko ote zuten zer edo zer Gizarte Segurantzan? Enpresari zer kostu ekarri diote, eta zer onura? Eta zer berme dauzka langile horrek lan munduan jarraitzeko, lantoki horretan? Erraza da asmatzen.

Tamalez, ikasketetatik lan mundurako trantsizio hori jasaten dugu gazte gehienok egun: enpresak ohitu egin dira praktiketako kontratuak egitera, lan esku merkea lortzen dutelako horri esker. Eta gazteok ere ohitu egin gara ia saihetsezina zaigun prekaritatera, lana edukitzea bera zortea dela pentsatzeraino, baldintza negargarrietan izan arren. Eta hori guztia, tartean, instituzio publikoek babestuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.