Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Lehen irria izango da

2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Alain Badiouk honela dio bere azken liburuetako batean (Petrograd, Shanghai. Les deux révolutions du XXe siècle: La Fabrique 2018): «Beti da izugarria, giza bizitza den denbora laburrean, gertakizun historiko bat nola zahartzen den, nola ateratzen zaizkion zimurrak, nola uzkurtzen den eta gero hiltzen. Gertakizun historiko bat hil egiten da gizateria ia gehienak ahaztu baldin badu. Hiltzen da jende masak orientatu eta argitu beharrean gertakizuna historiako eskuliburu espezializatuetan soilik dagoenean, baldin badago. Gertakizuna hil egiten da artxibategien hautsaren azpian».

Garaipena erdietsi duten iraultzetan (17ko Errusian, 49ko eta 66ko Txinan) aurreko iraultzak ikasten aritu ziren. Lehenaldia bizi zuten orainaldia baino gehiago. Zertan asmatu zen Pariseko komunan? Zertan huts egin? Zeri egin zioten XIX. mendeko populistek aurre? Asmatu zuten? Eta 1905eko Errusian zer? Zergatik gertatu zen 1917koa?

Zeren iraultza berri orok pizten ditu aurrekoak. Errusiakoak 1871ko Komuna, eta Robespierreren Konbentzioa, eta Haitiko esklabo beltzen errebolta, eta XVI. mendeko nekazari alemanen errebolta, eta hala, Erromako inperioko gladiatore eta esklaboetara arte. Ez zen izena bakarrik Luxemburg eta Liebknechtek Espartakori hartu ziotena.

Zeren Müntzer, Robespierre, Saint-Just, Louverture, Lenin, Mao edota Chávez ez dira «diktadore» izateagatik maitatu. Heroi izan ziren berdintasunaren hipotesia landu zutelako. Jaka Horien haserrea piztu duen suminduraren antzekoa (Frantsesen bi herenek ordainduko dituzte Macronen erreformen bidez %1 aberatsenak ordaintzeari utziko diona). Eta horregatik, historiaz jardutea da «langile tristeak» zerumuga eraldatzaileetarantz lanean jartzea. Ez XX. mendeko ikonoekin eraldaketak egingo direlako (tsarrak, Frantziako erregeak eta kaiserrak mundutik desagertu dira), baizik eta 14 milioi lagun daudelako gosetearen ateetan Yemenen Indian 150 milioi lagunek bandera gorria altxatu duten egun beroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.