maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Dependentziak

2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Drogatzat (edo ez) ditugun gauza anitzi diogu dependentzia: kafeari, alkoholari, tabakoari, zenbait pertsonari, diruari, Espainiari eta Frantziari... Denak dira kezkagarriak, baina bada bat egunotan bereziki sortu didana kezka, haren gabeziak erabat nahasi nauelako, eta, beraz, dependentzia erabatekoa erakutsi.

Donapaleuko libertimendutik heldu ginen, egun-pasa zoragarria egin ondotik autoan kantari, eta telefono mugikorrik gabe pasatua nuen eguna, ustez etxean ahantzia nuelako. Egunean zehar sumatu nuen jada haren falta: argazkiren bat ateratzeko, Amikuzeko inauterietan zeinen ongi pasatzen ari ginen komunikatzeko lagunei... Baina bueltarakoan etxean ez zegoela ohartuta, mundua erori zitzaidan; istant batez aldatu zitzaidan aurpegia. Ez bainengoen bakarrik telefonorik gabe: bat-batean eta aldi berean galduak nituen iratzargailua, nire kontaktu guzien zerrenda, distantzian nahiz hurbil dauden lagunekin hitz egiteko bidea, lanerako tresna, doako wifirik ezean Interneta ematen didana, musika jartzeko bozgorailua, linterna... Behar dudan guzia gailu bakar batean; eta haren beharraz larrituta, kezkatu egin nintzen.

Zorionez (?) aurkitu dut; autoan zegoela ez ginen ohartu, eta 30 bat ordu baino ez ditut pasatu gailua gabe. Eta, bistan da, ez zait mundurik erori: ostatura joan eta han zeuden lagunak, afaltzeko plana ere egin nuen horietako batekin, wifia lortu nuen Twitter bidez abisuak emateko, jarri dut goizean irratiarekin iratzargailua, joan naiz klasera eta lanera arazorik gabe... Autoan, are, seguruago joan naiz: ez dudalako izan pantailari begiratzeko eta audiorik bidaltzeko tentaldirik. Alegia: duela ez hainbertze mundu guzia bizi zen bezala ibili naiz, eta kito.

Eman dit, ordea, zer pentsatua tarte laburrak: nolako dependentzia dugun, eta zenbateraino eraldatzen dituen harremanak eta pertsonak; abstinentzia sentitzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.