maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Gazteak, zaharrak, aldaketak

2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Gazte mugimendua noiz utzi behar dudan galdetzen didate ia astero erdi brometan baina erdi serio herriko gazteek. 16, 17, 18 eta 19 urte dituztenek. Alegia, 2000tik aurrera jaiotakoek. Ni baino anitzez gazteagoak ez izanagatik zortzi urteko aldea, gehienez, zahar ikusten nautelako, edo ez haiek bezain gazte. Erdi brometan, baina, nik uste, erdi serio.

Adinarena da alde bat, bistan da. Baina nik uste harago doala diferentzia: aldaketa teknologiko batzuetan eta horiek dakartzaten bertzelako eraldaketetan dagoela gakoa. Gezurra badirudi ere, gailu batek gizartea erabat aldatu baitezake. Ferrokarrilak industria ekarri zuen, arropa-garbigailuak emakumeentzako denbora eta independentzia gehiago, telebistak etxeko harremanen aldaketa… Internetek, ordea, mundua ikusi eta bizitzeko modu oso bat aldatu duela erranen nuke. Eta oraindik aldatzen ari da.

Kontua da ni ere Interneten arokoa naizela, eta erabiltzen dudala egunero, baina millennial-ok badugula ezberdintasun bat: ia ahaztu zaigula dirudien arren, bizi izan ginen txikitan telefono mugikorrik gabe (etxeko telefonora deitzen genien lagunei, edo haien bila joaten ginen tinbre-joka); lehendabiziko telefono mugikorretan SMSak idazten genituen karaktereak neurtuta eta irriz-negarrez ari diren aurpegitxorik gabe; entziklopedia eta hiztegi fisikoetan begiratzen genituen eskolako zalantzak; Internet mugatua zen etxean eta norbaitek aldi berean telefonoz deituz gero zarata ateratzen zuen.

Horiek guziak prehistoria iruditzen zaizkio 16 urte dituen nire anaiari. Nik 24 ditut, baina bizi izan nituen. Eta aldaketa handia dago hor: berrikuntzetara ohitu naizen arren ezagutu izan ditudala XX. mendearen azkeneko arrastoak. Ongi ikertu beharko litzateke hau guzia, baina batzuetan iruditzen zait ez ote dagoen nire gurasoengandik niganako bezainbertzeko aldea nire eta gazte hauen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.