maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Lanak

2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Iritsi da maiatza, eta eguzki printzekin batera azterketa usaina zabaldu da Euskal Herriko unibertsitateetan. Gazteak pilatuta liburutegietan, «nik ikasi behar dut» desenkusa-mezuak Whatsapp taldeetan... Nik zortea izan omen dut aurten, azterketarik ez batere eta lanak soilik dauzkadalako entregatzeko. Eta, bai, egia da: lanak eginez anitzez gehiago ikasten da. Edukiak memorizatu beharrean, horiek landu eta sakondu egiten dira gehiago. Eta ebaluazioa egun bakarrean jokatu beharrean, denbora gehiago daukagu lanak egiteko. Kontua da, berdin-berdin, edo batzuetan gehiago, orduak sartu behar ditugula gela, sala edo liburutegietan itxita. Pagotxarik ez, beraz.

Badira, tartean, lanak egiteaz gain azterketa ere baduten ikasleak. Bologna prozesuarekin egindako aldaketen iruzurra da: ustez azterketak kentzeko hasi ziren ikasleoi lanak egiteko eskatzen, baina batek ez badu bertzea ordezkatzen... alferrik da. Zer erranik ez lanak taldekoak badira: aberasgarria baita elkarlanean aritzea, baina hitzorduak jarri behar, bertzeenera egokitu behar, eta azkenean denbora joan egiten da.

Hori guzia, noski, klasera joateko derrigortasunarekin: maiz alferrikakoa, gogoz kontra klasera joaten dena ez baita adi egonen irakasleak erraten duenari, eta bi orduko klase magistrala baldin bada, gutxiago. Eta horrela egoten gara, sakelakoari begira edo liburu bat irakurtzen, ez bada ordenagailua irekita apunteak hartzeko itxurak eginez,baina mila web orri irekita.

Eta karrera bukatu zenuela uste zenuenean, hor daukazu zain GrAL Gradu Amaierako Lana. Letretako edo gizarte zientzietako karrera batzuetan zentzurik ez duenik ez dut erranen, baina ikasketa guzietan? Gero erranen dute ikasle bizitza ederra dela, baina unibertsitatea ez da jada amesten genuen hura. Ez dakigu titulua lortzeak enplegurik eskainiko digun; baina lana, behintzat, ederra ematen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.