LARREPETIT

Mespretxua, dosi txikitan

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2019ko uztailak 3

Sargori dago, eta 17 urteko gazte bat Miarritzeko lizeo batera doa, izerditan, nerbioak airean. Buruz ikasi ditu —edo beharko zituzkeen Albert Camusen L'étranger eleberria, Charles Baudelaireren Les Fleurs du Mal poesia bilduma, Voltaireren Candide ou l'optimisme narrazio ironikoa, Mallarméren poemak... Egin du ahozko azterketa, eta gustura atera da, ongi defendatu duelako berea. Zortea izan du: irakasleak ez dio deus txarrik erran soinean zeraman Baxoa Euskaraz! kamisetagatik. Are, zoriondu egin du frantsesa haren ama hizkuntza ez izanik ere egin duen ahaleginagatik.

Joan den asteko baxoko frantseseko ahozko azterketako edozein gazte euskaldun izan zitekeen hori; nik ere ikasi nituen 16 urterekin horiek guztiak, eta pozik nago: perla ederrak daude literatura frantsesean; ez didate trabarik egiten burmuinean.

Kontua da lizeotik aterata oraindik ez nituela sekula irakurriak Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Gabriel Arestiren poemak edo Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Ez horiek, ezta berriagorik ere. Nire kabuz deskubritu eta irakurri behar izan nituen, irakurtzea asko gustatzen zaidalako, eta burugogorkeriaz ere bai. Bertze anitzek ez dituzte sekula irakurriko, baxorako euskarako proba gainditzeko eskatzen dizuten bakarra testu ezinago sinpleago bat irakurri eta «nor da protagonista?» gisako galderei erantzutea baita. Eta hori, bizitza osoan euskaraz ikasi duen batentzat, aurpegira irri egitea da.

Gure irakasle batek erraten zuen moduan, guk baxoa euskaraz ez, guk gure baxoa nahi dugu, edo bertzela, baxorik ez. Eta gure hizkuntzaren eta kulturaren balioa azpimarratuko duen hezkuntza eta ebaluazio sistema bat. Hala egiten digu Frantziak egunero mespretxu; haren handitasuna erakutsiaz, eta gurea bazterrera eramanez; dosi txikitan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna