LARREPETIT

Zizel

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2019ko abenduak 4
Zer irudi datorkigu gogora Euskal Herria diogunean? Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak? Ezkila gabeko elizen eremu emankorra? Kaia barrenean, ontzi txuri polit bat uraren gainean? Niri ez behintzat adreilu gorriz egindako etxe marroixka txikiak eta lur hautsez beteriko kale idorrak; zikoinen habiak kanpandorreetan. Badakidan arren hori ere badela. Baina larunbatean neure buruari ere traizio egin nion autoz Tuteran sartzen gindoazela paisaia horiek ikustean: «Hau ere Euskal Herria da?».

Zizelkariak dokumentalean baietz dio Edurne Leon Sanchez protagonistetako batek. Eta baietz, jakina baietz. «Tutera ez da berdea, Tuteran ez da euskaraz hitz egiten...», eta hain justu horrek egin diela kalte hainbat urtetan: «Saiatu izan gara gure gizartea eta gure herria aldatzen ezaugarri horiek betetzeko eta euskal herritarrak izateko». Baina ulertu dute ezetz: beharbada, hain justu, ezaugarri horiek betetzen ez dituztenak Euskal Herriaren iruditeriatik kanporatu ditugunok aldatu behar dugula pentsatzeko modua: «Apurtu behar dugu behingoz Euskal Herriak betidanik izan dituen ezaugarri horiekin». Eta haiei entzun: «Gauza asko ditugu esateko». Eta nola ez dituzte ba izango.

Horretaz guziaz dihardu larunbatean Tuteran estreinaturiko dokumentalak. Horretaz guziaz, baina baita askoz gehiagori buruz ere. Euskal Herriko ertz geografikoetan euskaldun sortu eta hazteaz, musika eta kultura betiko moldeetatik atera eta sortzeaz, gorputza plazaratzeaz, gazte antolakuntzaz, guzia zerotik eraikitzearen ilusioaz, Euskal Herria irudikatu eta amesteaz... Bakoitza bere egunerokotasunetik (eta era berean elkarrekin) bidea marrazten agertzen dira dokumentaleko sei zizelkariak.

Tuteran eman zuen lehen zizel kolpea, eta orain Euskal Herriko gainontzeko txokoetan bidea egitea baino ez zaio gelditzen. Gubia kolpe bakoitzeko, Euskal Herria zizelkatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna