Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Transistorea

2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Anaiaren urtebetetze festan aitaren meniskoak krak egin zuen. Operazioaren osteko orduetarako mono transistore bat erosi zuen. Irratia beti izan da crush bat gure familian, amatxik zerbaitengatik zuen sukaldean (eta etxearen beste puntan telebista). Handik urte batzuetara transistore hori bera nerabilen fakultatetik trenera jauzi egiten nuen, arratsalde erdian Gasteiztik Iruñerako Renferen bideetan. Frekuentzia batekin hasten nuen bidaia eta birritan aldatu behar izaten nuen. Han ezagutu nuen Maite Artola: Mezularia-n.

Ongi zekien Hannah Hoch-ek collage-a dela errealitatea adierazteko modu behinena. Niretzat Artola izan zen mendebaldeko lehengusuarekin arteaz hitz egiten zuena (Alainek «zer moduz» galderari «bizirik» erantzuten zion) eta formazio intelektualerako ezinbesteko foro bat (Floren Aoiz eta Fabian Laespadak astero izan zuten eztabaidarik gabe politika, historia eta biolentziari buruzko iritziak dezente pobreagoak lirateke gurean). Gurean modan dago «ezberdinen arteko akordioa». Dezente gehiago interesatzen zait «ezberdinen arteko desadostasuna». Eta zerbait sortu badu bide honetan Artolaren (eta hamaika langileren) Faktoria-k, hori izan da: mugen muturrak eta marren gorriak.

Irudi luke taldekide izan dituzunak ezin direla losintxatu (erresuminetik katixima asko idazten dira baina bakarrak ez luke Spinozaren iragazkia pasatuko). Baina ni Nerea Azurmendiren, Begoña Sanzberroren edota Edurne Eginoren zale egin banaiz, izan da egin zaien foroarengatik.

Zeren txepelkeriaren bilduman jasotzen da denok garela ordezkagarriak. Gauza jakina kontrakoa da, mina duguna hiltzen denean nabarmenen bizi duguna: inor ez da ordezkagarria. Bila ibili naiz 2008aren bueltan Ibarretxeri Artolak egindako elkarrizketa. Ez dut topatu; garai ona litzateke, Nahieran-i buelta bat emateko, anekdota intimoek eusten ez diotenari fonotekak eutsi diezaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.