Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Apendizearena

2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hamabi edo hamahiru urte izanen genituen, pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, eta anaia gazteak sabelaldean mina zuela zioen. Biharamunean minibasket txapelketako finala jokatu behar genuen Sant Alonso arerio amorratuaren kontra eta anaiak esana zuen ez zekiela partida jokatuko ote zuen, urduri jartzen baitzen horrelako ekitaldi jendetsuetan—beste taldeko jokalarien senideak eta gure familiarrak, lagun bat ere etortzekoa omen zen: jendetza—. Orduan, ekintza gogoangarriaren atarian, tripako minaz kexaka. Kirio dantzari leporatu nion balizko mina, berebiziko jardueran parte ez hartzeko aitzakia zuelakoan, eta anaia presionatu nuen joka zezan. Hurrengo egunean apendizea erauzi zioten, larrialdiko operazioa eginda.

Anaiak anekdota ateratzen du tarteka amarenean elkartzen garenean, ongi hautatutako abaguneetan, «apendizearenean bezala», eta ni ahalik eta azkarren beste gai batera pasatzen saiatzen naiz, lotsaturik. Haurren modura jokatzen dut: zerbait kontatzen ez bada ez da sekula izan. Badirudi Iruñeko alkateak jokabide bera hautatu duela eraso sexistak salatzeko kartelak hiriko sarreretatik kentzea ebatzi duenean. Mayaren azalpenaren arabera, horren begi bistakoa da kartelen mezua, Iruñeak ez du eraso sexistarik onartzen, ezen ez den beharrezko inon paratzea; baina politikariak inor gutxi konbentzitu du.

Seguruenik herritarrek ez dute ulertu alkateak eraso sexistak errotik kentzeko plana duela, apendizearena: biolentzia sexista aipatzen ez bada ez da sekula izan, eta urrats bat harago eramana, ez da sekula izanen. Bide batez, Iruñera iritsiko diren bisitariek ez dute hiriko eraso sexisten berri izanen eta, hortaz, nazioartean ere existentzia galduko dute —Iruñeko erasoek, ezen ez bisitariek—, eta, martxa harturik, ondorioztatuko da ez dela beharrezko biolentzia matxistaren aurkako kanpainarik egitea, mezua jakina delako. Begi bistakoa da Mayarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.