garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Eleanitz

2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Zaila egin zitzaidan autoari muga jartzea, eta are zailago, garraio publikora egokitzea. Ez hango, ez hemengo eta zernahitarako aparteko dirudien herrian bizi denak gauza asko utz lezake bazterrean, baina nekez, autoa. Hura gabe, ziraldoka ibiltzera kondenatuta baitago, eta autobus, tren, topo, edo tranbia ordutegiak nahiz elkarren konbinaketak ikastera, baina batez ere, astiari, bizitzaren urre gorria den horri, arrunt bestela begiratzera. Zereginek tenpo berria eskatzen dute geroztik.

Aurreko bidaiak ez zuen zailtasun berezirik, eta alboan eseri zitzaidan emakumeak bere smartphoneari egiten zizkion orroak gorabehera —ez konprenitzen tunelik tunel egiten duela bidea topoak, eta lurpean ez dagoela estaldurarik—, jesarri orduko bildu nintzen nire baitara. Hain nintzen zentzumenetatik besterendua, ezen, emakume berritsuak Gaintxurizketa pasa ote genuen galdegin zidanean, ez nekiela etortzen ala joaten ari ote nintzen. Hurrengo geltokia izango ote zen errezeloa.

Panel argitsuari erreparatu nion, eskuinetik ezkerrerantz banaka-banaka zihoazen hizkiek zer esango. 'H, U, R, R, E, N, G, O', idatzi zigun, irakurtzen ikasi berri duen haurraren abiaduran,'G, E, L, T, O, K, I, A'. Emakumea niri begira. «Orain esango din», nire artean. Baina ez. Panelak bere politika politikoki zuzena izan eta oharra denek ulertzeko moduan paratu behar lehendabizi. 'P, R, O, X, I, M, A, hutsunea,E, S, T, A, C, I, O, N', osatu nuen kostata. Eta bazetorrelakoan...Ez ba. Unibertsaltasuna heldu zen jarraian: 'N, E, X, T, hutsunea,S, T, A, T, I, O, N'. Eta hura eta gero geltokiaren izena behingoz botako zuelakoan, baina baita zera ere. Begi-bazterretik, hortzak estututa sumatzen nuen anderea. Anartean, itzulpengintzan jarraitzen zuen eleaniztasunaren apologistak: 'P, R, O, C, H, A, I, N,hutsunea, A, R, R, Ê, T'.

Bai, alajaina. Uste bezala, Gaintxurizketa zen hurrena, baina hizkiak batu nituenerako han ez zen emakumerik ageri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.