Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Oroitzapenaren alde

2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun

Slavenka Drakulicek hala jasotzen du Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko liburuan: «Ahazteko gaitasunari esker irauten du gizakiak bizirik». Drakulicek Balkanetako herrialdeetan zer gertatzen den azaltzeko erabiltzen du aipua, baina esaldia ez da berea, Varlam Xalamov errusiarrarena baizik. Gulageko infernua bizi izan ondoren, Xalamovek bere sufrimendua azaldu zuen Kolymako kontakizunak lanean; idazle kroaziarrak, bere aldetik, memoriaren garrantzia nabarmentzen du idazlanetan, eta aitortzen du beldurrez ikusten duela Jugoslavia ohitik sortutako estatuetan uko egiten zaiola gerrari buruz hitz egiteari, «sekula gertatu izan ez balitz bezala». Gehienez, kondairak zabaltzen dira gertakizunen ordez, eta istorio horiek kontalariaren lubakiaren arabera aldatzen dira, genozida maiz heroi bihurtuta narrazioetan. Inork ez du egia ozenki adierazi nahi, ezta entzun ere egin. Iruzurrak historiaren lekua hartu du, eta lausotasun horren ondorioz ezinezko izanen da noizbait justizia Balkanetara ekartzea.

Gurean ere ahanztura irauteko bide gisa hautatu izan da maiz, kontatzen ez dena sekula gertatu izan ez balitz bezala. Beste batzuetan, Balkanetako kontakizunen antzera, borreroak heroi bihurtu ohi dira narrazioetan, caídos por Dios y por la Patria, eta omenaldiak jaso dituzte bide bazterrak gorpuz beteak utzi zituztenek, familia askok oraindik justiziaren esperoan jarraitzen duten bitartean. Larunbatean, berriz ere, mezak eta otorduak eginen dira hiltzaileen omenez.

Zorionez, badira ere oroitzapena aldarrikatu eta, mingarria izanda ere, zabaldu nahi dutenak. Aste honetan bi adibide izan ditugu: Alberto Barandiaranek Gurea falangista zen liburua aurkeztu du Altsasun, eta Nafarroako Gobernuak iragarri du Dani Martirena kazetariaren Amonaren kea album ilustratua landuko dutela LH ziklokoko eskola publikoetan. Ez dezala iruzurrak historiaren lekua har.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.