nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Gure haziak

2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Loreontzi garden bat daukagu egongelako apalategian duela lauzpabost urte. Ez du landarerik gordetzen, baina haziz betea egoten da. Gure haziak irakurri daiteke haurrek margotutako egurrezko letretan. Hau idaztera eseri aurretik, ontziari begiratu diot: koloretako paper txiki mordoxka bat, harri batzuk eta nonbaiteko sarrerak diruditen beste pare bat paper zati. Irribarre bat marraztu zait aurpegian eta papertxo horietako bat hartzeko tentazioari eutsi diot. Oraindik ez. Urteko azken egunean elkarrekin egiten dugun zerbait da, eta hala izan behar du. Borobilean eseriko gara bostok alfonbra gainean eta ontziko altxor txiki bakoitza irakurri eta aztertuko dugu. Eta oroitu. Eta barre egingo dugu batzuekin. Eta hunkitu egingo naute beste batzuek.

Urtean zehar, ontzia betetzen joaten gara, momentuz momentu, papertxoz papertxo. Memoriak gertakari handiak gordetzeko erraztasuna du, baina gauza txikiak ahazteko joera. Horregatik, elkarrekin, edo bakarka, une txiki polit bat bizitzen badugu, papertxo batean hura deskribatu, data jarri eta ontzian sartzen dugu. Irrikaz nago aurtengoek zer esango duten jakiteko, paseo baten usaina izango duten, etxean igarotako arratsalde euritsu batena, oporraldi bateko une jakin batekoa. Mendi buelta batetik ekarritako harri bat. Zine sarrera bat. Urtero harritzen nau zerbaitek.

Papertxo bakoitza, oroitzapen iheskor bakoitza, hazi bat da guretzako; gure arteko harremana ereiten lagunduko duen babarrun ale magiko bat. Ez da etxean jardinik behar baratze bat izateko, eta etxekoak hazi horien bueltan pixka bat gehiago loratzen ikusten ditut egunero. Ilargi-egutegirik eta Jakoba Errekondorik gabe hazten diren haziak dira hauek, etengabeko ureztatzean dago gakoa.

Datorren urteari, ur aldiari, begira eta eskaka egon beharrean, ur zaharrei erreparatzeko aukera ematen digu gainera; bizitakoa eskertu eta datorrenari konfiantzaz itxaroteko aukera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.