Hilabete noraezean

'Etienne' petroliontziak 27 migratzaile erreskatatu zituen abuztuaren 5ean, eta oraindik lehorreratzeko baimen baten esperoan daude

Erreskatatuko migatzaileetako batzuk. MAERSK TANKERS.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Duela hilabete pasatxo, abuztuaren 5ean, Maersk Tankersen Etienne petroliontziak Maltako agintarien eskaerei erantzun eta haren kostaldetik gertu arriskuan zegoen ontzi bati lagundu zion: 27 migratzaile erreskatatu zituen, tartean haur bat eta haurdun zegoen emakume bat. Porturatzeko onespenabaino ez zuten falta; ordea, hilabete pasatu da ordutik, eta lehorreratzeko baimen horren esperoan daude oraindik, noraezean. Atzerapena dela eta, tentsioak gora egin du, eta gero eta ugariagoak dira laguntza eskaerak. Horiek horrela, migratzaileak daramatzan itsasontzi bati inoiz ezarritako blokeorik luzeena izaten ari da.

Egoera larriaren isla da igandean jazotakoa: ontzian zihoazen erreskatatutako hiru migratzailek euren burua itsasora bota zuten, «etsipenak» bultzatuta. Tripulazioko kideek salbatu zituzten, baina egoera muturreraino iristen ari da, eta ontzian ez dituzte nahikoa baliabide erreskatatutako migratzaileak behar bezala artatzeko. Maersk Tankersek eman zuen azken gertakariaren berri, eta «premiazko laguntza humanitarioa» galdegin zuten. Bien bitartean, igandean Robert Abela Maltako lehen ministroak elkarrizketa batean adierazi zuen Etienne petroliontzian dauden migratzaileak ez direla euren erantzukizuna, eta baztertu egin zuen lehorreratzeko baimena emateko aukera.

Volodymir Leroxkin ontziko kapitainak egoerari «berehalako erantzun bat» emateko eskatu du, eta azpimarratu pertsona horiei «oinarrizko eskubideak urratzen» ari zaizkiela.

Antzera mintzatu ziren atzo Nazioarteko Nabigazio Ganbera, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria eta IOM Nazioarteko Migrazio Erakundea, eta «harrapatuta» dauden 27 pertsona horiek lehorreratzeko exijitu zuten: «Gobernuek ontziko kapitainari baimena ukatzen diote Libiatik ihes egin zuten migratzaileak eta errefuxiatuak lehorreratzeko, nazioarteko zuzenbidea urratuz». Haien arabera, tripulazioa janaria, ura eta mantak banatzen ari da, baina ez dute gaitasunik behar dutenei laguntza medikoa emateko. «Merkataritza ontzi bat ez da inguru segurua pertsona kalteberentzat, eta portu seguru batera eraman behar dira berehala», gaineratu zuten. Era berean, Antonio Vitorino OIMeko zuzendari nagusiak deitoratu egin zuen Mediterraneoan erreskatatutako pertsonentzat «mekanismo argirik, segururik eta aurreikusgarririk» ez egotea.

Bestalde, duela egun batzuk,30 eurodiputatuk Maltako lehen ministroari idatzi zioten erantzun eske, baina ez zuten bueltan ezer jaso. Horrez gainera, hainbat GKEk, hala nola Sea Watchek, Alarm Phonek eta Mediterraneoak, NBEko kontalari berezi batzuk deitu dituzte premiazko esku hartzea eskatzeko. Oraindik, baina, itsasoan jarraitzen dute erreskatatutako 27 migratzaileek, eta Maltako Gobernuak nahiago izan du beste aldera begiratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.