Bayern, lehen oztopoa

Realak Alemaniako taldea izango du aurkari Txapeldunen Ligako kanporaketan. Joanekoa etxean jokatuko du, eta itzulikoa Munichen

Bayern Municheko jokalariak gol bat ospatzen. ALEXANDER HASSENSTEIN.
ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gogorra izango zela jakina zen. Izena jartzea falta zitzaion, eta badu jada: Bayern Munich. Alemaniako taldea izango da Realaren aurkaria Txapeldunen Ligako atariko kanporaketan. Joaneko partida etxean jokatuko du Natalia Arroyoren taldeak, irailaren 20-21ean; itzulerakoa, berriz, Alemanian, astebete geroago, 27-28an. Irabaziz gero, ligaxkarako sailkatuko da talde txuri-urdina.

Wolfsborgen atzetik, Alemaniako talderik indartsuena da Bayern Munich. Lau aldiz irabazi du liga: 1976an, 2014-2015ekoan, 2015-2016koan eta 2020-2021ekoan. Iragan denboraldian,bigarren amaitu zuen —Wolfsborg izan zen txapelduna—, eta, Realak bezala, atariko kanporaketa honetan ekingo dio txapelketari.

Realak aurreneko aldiz jokatuko du Txapeldunen Liga. Alemaniarrek, ordea, eskarmentua dute Europan, eta bide txukuna egin dute. Azken denboraldietan, adibidez, bi aldiz iritsi dira finalerdietara: 2018-2019koan eta 2020-2021ekoan. Bartzelonak eta Chelseak, ordea, irabazi egin zieten. Beste bitan final-laurdenetara ailegatu ziren: 2019-2020koan eta aurreko denboraldian. Lyonen eta PSGren kontra, ordea, amore eman behar izan zuten.

Jens Scheuer da taldeko entrenatzailea, eta jokalaririk nabarmenenak hauek dira: Lina Magull, Lea Schuller, Klara Buhl eta Giulia Gwinn. Laurek uztailean jokatuko zen Eurokopa jokatu zuten Alemaniarekin, eta txapeldunorde izan ziren.

Arroyok honela aztertu zuen kontrarioa: «Aurkari gogorra da, azken denboraldietan Europako onenen artean egon baita. Bainagu izateko gai garen neurrian,izan dezakegu aukerarik. Hor egon daiteke kanporaketako gakoetako bat».

Bayern «baloi jabetza izan ohi duen taldea» dela nabarmendu Arroyok. «Beraz, defentsan sendoak eta oldarkorrak izan beharko dugu. Eta ulertu beharko dugu une batzuetan ezingo dugula egin ohi duguna. Funtsezkoa izango da, beraz, talde izaerari sendo eustea. Ilusioak eta nahiak mugitu behar gaitu, baina gure futbolari ere eutsi behar diogu, badugulako».

Partida prestatzeko modurik onenari dagokionez, aurreko denboraldiari erreparatu zion teknikariak: «Balio handia eman genion eguneroko lanari, ondo entrenatzeari. Denboraldi hasieratik horretan ari gara oraingoan ere. Kanporaketa aurretik ditugun ligako bi partidetan [Atletico Madrilen eta Vila-realen aurka jokatu dute] lan ona egitea izango da prestakuntza onena».

Lehen partida etxean jokatuta, bidaia aldetik «desgaste gutxiago» izatea ekarriko dio taldeari, Arroyoren arabera: «Zaleen babesari esker, sinetsita nago gure onena emango dugula oraingoan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.