Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Musika absolutua A

2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Mark Evan Bonds-ek idatzi duenaren arabera (2006) «ezker» musikalaren aburuz Eduard Hanslick kontserbadore bat zen. Ez zen harritzekoa. Hanslickentzat artea zen politikatik ezkutatzeko babestokirik gotorrena. Musikak bere burua bakarrik elikatzeko gaitasuna du: «Musikan agertzen ez dena, sinpleki, ez da exisititzen, eta musikan jada azaldu denak intentzio bat izateari utzi dio».

Hanslicken garaikide gehienek ez zuten bere teoriekin bat egiten eta uste zuten baietz, musikak ideia traszendentalak garraiatzeko balio zuela. Hala uste izan zuten XIX. mendean eta berdin XX.aren hasieran. Hanslickek garaiko musikako aurrerazaleen —Liszt eta Wagnerren jarraitzaileen— kontra egiten zuen. Bondsen aburuz Hanslick entzuteko modu erabat berri eta erradikal bat sortu zuen. Musika ez zen jada errebelazio bat. Ez zen absolutua ikusteko modu bat. Edertasun autonomoa zuen aldaera bat zen. Hanslickek Schillerrengandik edan zuen baina ordura arte inoiz aplikatu gabeko zorroztasunarekin.

Haslicken ideiak korrontearen kontrakoak ziren, baina denborarekin bereak bihurtu dira ortodoxoak. «L'art pour l'art» harekin bat egiten zuten bere proposamenek. Edertasuna bere horretan existitzen dela planteatzen hasi zen XX. mendearen erdialdean. 1950erako politikaren estetizazioa, gerora etorri zaigun moral puritanoaren abangoardia estetikoa, ia erabatekoa zen. Uste zen musikak muga guztiak gainditzen zituela, ezin zela manipulatu ala ideologizatu. «Lehenaldiko kontua zela musikaren apropiazioa, abusua ala suntsitzea» naziek Verdi, Wagner edota Brucknerrekin egin bezala ala Vartsoviako Hitzarmenean Prokofiev, Beethoven, Bach eta Xostakovitxekin nola. Duela zazpi hamarkada pentsatu zuten politika mundutarregia zela. Ala Arturo Toscaninik Beethovenen Heroica-ri buruz galdetu ziotenean erantzun zuen bezala: «Batzuentzat Napoleon irudikatzen du, beste batzuentzat Hitler ala Mussolini. Nire ustez Allegro con brio soil bat besterik ez da». Gerra Hotzak Mendebaldean musika «absolutua»ren ideia elikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.