Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Nostalgikoak

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Euskara neurriz kanpo baloraturik dago. Horrela ebatzi du Maia alkateak, bere iritziz Iruñeko euskaldunak beren ahalbideen gainetik bizi izan baitira 2019ko maiatzaren 2tik hona, aurreko udal gobernuak euskara arautzen zuen ordenantza onartu zuenez geroztik, hain zuzen. Sei hileko gehiegikeria. UPNko agintariak ohiko bidea hartuta, liburu zaharrean bilatu du normaltasuna berriz ezartzeko errezeta: lehengo menderako bidaia egin eta han eskuratu du soluzioa. Honetan 1997ko euskararen ordenantza da ekarritako souvenirra: udal euskal langilerik gabe euskaldunen eskubideak bermatzen bide zituen hura, euskara meritutzat hartzen ez zuen ordenantza bera, hizkuntza paisaia erdalduntzeko bidea errazten zuen arautegia. Revival da normaltasunaren ordaina Maiaren hiztegian, eta zantzu askoren arabera erreferentea 1997an baino hamarkada batzuk aurrerago du mandatariak.

Iruñeko alkateak PSNko zinegotziak bidelagun eta sostengu ditu denbora-bidaia atzerakoi honetan. Beren jardutea ikusita, zentzuzkoa da galdetzea zer adierazi nahi ote duen Espainiako jarduneko presidenteak Madrilen «gobernu aurrerakoia» osatuko duela puztuta zabaltzen duenean. Madrilgo politikariaren iritzi berekoak izanen ote dira Iruñeko PSNko udal ordezkariak? Francoren lekualdatzea—edo bigarren estatu hileta, ez dago oso argi— alde batera utzita, Sanchezen legealdiko ondareari erreparatzen baldin bazaio —mozal legea eta lan erreforma mantentzea, pobreziaren aurkako borroka hutsala, amnistia fiskala jaso dutenen zerrenda sekula ez publikatua, ultraeskuina indarberritzea edo irtenbide demokratikoaren falta Katalunian, besteak beste— ondorioztatzen da aurrerakoitasunaren kontzeptu bera, edo oso antzekoa, ibiltzen dela Iruñean eta Madrilen. Guzion onerako, espero dezagun Sanchezen bidaide berriek jakin dezatela non duten aurrea eta non atzea, eta bidea argitu diezaiotela gobernuburuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.