Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Inventarium

2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Zein izanen ote zen euskaraz irakurri nuen lehenengoa? Aitak Euskal Herrira egin zuen bidaia batetik Martin Ugalderen Euskal kondairaren sintesia/Síntesis de la historia del País Vasco liburua ekarri zuen —ezin deszifratuzko arrazoi batengatik, gure aitaren gauzak—. Edizio elebiduna zen, eta gaztelaniazko bertsioa hizkuntza arrotzean idatzitakoarekin konparatzen nuen: entretenigarria zen hitzen esanahia asmatzea. Hura izan zen nire lehenengo harremana euskararekin, azalekoa izanda ere. Nik ez nuen liburu osoa irakurri, mon parek ireki ere ez zuen egin. Hamaika-hamabi urte izanen nituen aitak bidaia egin zuenean, 80ko hamarkadaren hasieran. Bilboko aireportua guardia zibilez josia zegoela kontatu zigun; harriturik, Mallorcakoan ez baitzen horrelakorik gertatzen.

Zaragozan irakurri nuen lehenengo liburua osorik euskaraz, unibertsitate garaian, baina ezin dut oroitu zein izan zen; aitzitik, zirrara berezia egin zidan lehenengo euskal liburua ongi gordea dut, gogoan zein apalategian: Atxagaren Henry Bengoa inventarium. Testua ulertu eta gozatu nuen. «Kontxo, merezi du euskara ikastea!», pentsatu nuen. Euskal Herritik Zaragozara albaitaritzan trebatzera joandako neska-mutil andana zegoen, eta euskara harreman sozialak estutzeko tresna izateaz gain —20 urtekoa nintzen, fakultatean katalan hiztun gutxi eta gau amaigabeetan sozializatzeko behar handia—, euskal literaturan aurkitu nuen euskalduntzeko beste motibazio bat. Geroztik, antzeko efektua lortu duten hainbat liburu irakurri ditut euskaraz.

Beste garai batean bizi gara orain, polizia kopurua antzekoa izanen da Palmako aireportuan eta Bilbokoan, gutxi gorabehera. Gazte gehiagok ikasten dute euskara eta euskaraz, eta horietako zenbaitek hizkuntza maila egiaztatzeko proba eginen dute egunotan gurean. Zein dute euskara ikasteko motibazioa? Ba ote da hunkitu dituen euskarazko libururik? Galdera horien erantzunek zerbait hautsiko ligukete bihotzean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.