Hedoi Etxarte
LARREPETIT

'Tango Berlin'

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bada fenomeno kultural triste bat, beste afera lotsaemangarri batzuekin, ia tabua ere badena Hegoaldean. Afera hori da gaztelerazko literatur argitaletxeen irrelebantzia gaztelaniaren esfera geopolitikoetan (izan Espainiako Erreinua, izan Amerika). Alderatu Kataluniak ala Valentziak duten tokiarekin, adibidez. Bada hemengo burgesiaren eta botere faktikoen azken bi mendeetako historiaren adierazgarri eta hedatu daiteke afera gaztelerazko hedabideetara, adibidez. Badira, azken urteotan, tendentzia honi nabarmen desafio egiten dioten batzuk, beren terrenoetan, gainera, puntako argitaletxe direnak: Astiberri, Sans Solein, Consonni, Next Door eta Ken.

Eta ordea, meloi hori ez dut gaur zabalduko, nahiz eta gaur etorri zaidan abesti zaharra akordura, zeren Castejongo (Nafarroa Garaia) Greylock argitaletxeak Tango Berlin argitaratu baitu, Kurt Bartsch poetaren antologia. Bartschek bazekien zertan ari zen, idatzi zuen: «Idazten dutbakarrik batzuetan./ Idazten dut Brecht kopiatzen./ Baina nire neurea egitean/ espresionistengandik nator». Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketetatik bizirik atera zen, zortzi urte zituen gerra bukatzerakoan. Ez zuen bukatu institutua. Eta egin zuen lan bulegoetan, kamioiekin banaketa lanetan, telefonista, saldu zituen hilkutxak, hilerrian egin zuen lan eta azkenean argitaletxe batean aritu zen. 1968tik aurrera hasi zen Alemaniako Errepublika Demokratikoan, bere herrialdean, argitaratzen eta izan zuen Volksbühnerekin lotura.

Hara Bartschen zimikoetako baten txatalak: «Hil da baltsamatzailea/ Nork garbitzen ditu orain hildakoak/ nork jartzen goizean zuri/ dauden ezpainei gorria.// Nork garbitzen eta orrazten ditu hildakoak/ Beharrezkoa da/ Norbaitek hatzak apurtzea/ eta arrosariora itzul daitezela// Eguerdiak dakarzkigu haizeak emeki/ Nola izango ote da bukaera/ Nork garbituko digu hiltzen garenean/ eskuetara itsatsita daukagun odola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.