Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Obsesioan lagun

2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Aldiro beren obsesioa ageri-agerian eta guziok ezagutzeko eran erakusten dute; egoerak horrela eskatzen duenean, behinik behin. Gaia ateratzen den bakoitzean fobia kontrolaezinak gaina hartzen die eta ezinezko izaten dute beren tema ezkutatzea, nahiz eta aitzakia merkez estaltzen saiatzen diren. Beste batzuetan gainerakooi leporatzen digute obsesioa —beren solasaldietan euskarafilia aipatuko ote dute?—, paranoia erakustaldian.

Iruñeko haur eskolak direla eta, Navarra Sumako eta PSNko kideek berriz ere euskarafobia-krisi menderaezina izan dute eta atakeak bultzatuta uko egin diote Iruñean D ereduko haur eskola publikoaren aldeko kanpaina egiteari. Tira, egia esatera, Iruñeko Udalak ez du oro har sektore publikoaren aldeko konpromiso handirik erakusten, baina kasu zehatz honetan badirudi euskarak azkura handiagoa eta legen zein pikorta gehiago sortzen dituela udal gobernuan hezkuntzaren publikotasunak baino.

Deigarria da alderdi eskuindarrak eta lagun ez ezkertiarrak tema defenditzeko erabili dituzten argudioetako bat: aliatuen iritziz, horrelako kanpainak egiteak ez du onurarik ekartzen. Udal kanpaina guziez arituko ote dira? Antolaketa trakets eta hutsalaren ondorio izan ohi dira kanpainen emaitza kaskarrak. Nortaz ari garen ezagutuko ez bagenu, adierazpena udal bazkideen ezintasun aitortza dela pentsa genezake.

Nolanahi ere, ez da argumentua udaletxean aditu den lehen aldia; izan ere, Iruñeko alkateak aitzakia bera erabili zuen eraso sexistak salatzeko kartelak hiriko sarreretatik kentzea ebatzi zuenean. Aldi horretan hain nabaria izan zen udalburuaren jokabidea non PSNko kideak matxinatu zitzaizkion. Badirudi kontua euskara denean obsesioak zinegotzi sozialistak itsutzen dituela: tema gogotik ezin kenduta, edozein aitzakia onartzeko prest daude, zentzugabetasun maila gorenekoa bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.