Samara Velte.
LARREPETIT

Gu, NATO?

2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Garagardo fabrika ohien sotoetan molotov koktelak manufakturatzen irudikatu genituen ukrainarrak, otsailaren 24an ezustean hasitako inbasioari eskura zeukatenarekin aurre egiten. Ordutik armamentu andana jaso dute, eta zibilak ere soldaduen pare hornitu dira, baina hor jarraitzen du molotov koktelaren indar sinbolikoak: Parisko 1968ko maiatzetik Euskal Herriko gatazkaraino, biolentzia ofizialerako gairik ez zutenen arma izan da historikoki, etxean egina eta norbere eskuz jaurtia. Bigarren Mundu Gerran, Erresuma Batuak armada arruntean sartzeko zaharregiak ziren gizonei erakusten omen zien beirazko botiletan gasolinaz bustitako trapuak sartzen.

Izena, ordea, finlandiarrekipini zioten: armada sobietarrak Finlandia 1939an bonbardatu zuenean, Stalinen Atzerri ministroak, Viatxeslav Molotovek, ukatu egin zuen erasoa, esanez hegazkinek ogiz betetako saskiak zeramatzatela bonben ordez. Finlandiarrek suzko botilak jaurti zituzten erantzun gisara, «ogia laguntzeko koktelak»; Molotov koktelak, alegia, aperitibo gisara.

Ordutik, Europan geroz eta urriagoak diren «estatu neutralen» artean geratu da Finlandia, Suediarekin batera. Neutral adjektiboarekin esan nahi dena da ez dela aliantza militar handiago batean sartu, besteen gerretara jokatzeko gogorik ez daukalako.

Ukrainako gerrarekin, ordea, aldatu egin da kontua: Errusia bizilagun mehatxagarri bihurtu da orain. Kontinentearen beste muturrean bizi garenok ere sumatu dugu halako erretorika identitario beliko bat indartzen otsailaren 24az geroztik: bat-batean, «gu, NATO» eta antzeko eraikuntza diskurtsiboek interpelatzen gaituzte, baita aliantza militarrarekiko inolako sinpatiarik ez badugu ere. Gatazkek identitate kolektiboak polarizatzen dituzte, sarritan kolektibo horretako kideek eurek sumatu ere egin gabe, kontinenteak mugitzen diren modu berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.