Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Albania #01 Hizkuntza

2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ziurrenik, gaur-gaurkoz, Ismail Kadare da nazioartean ezagunena den idazle albaniarra. Eta ezagunena ez bada, Robert Esliek idatzi bezala «atzerrian nazioarteko sona duen Albaniako idazle bakarra da». Halere, Albaniakoa XX. mendeko literatura interesgarrienetako bat da, Esliek ongi esplikatzen duen bezala. Datorren guztia hari irakurri diot. Bitxia izan da, asteon jakin baitut Eslie 2017an hil egin zela, bizien artean zegoela uste nuen oraindik.

Sei bat milioi hiztun dauzka albanierak. Erdiak bizi dira egungo Albanian. Bi dialekto oso markatu dauzka (Gheg iparraldean eta Tosk hegoaldean: Shkumbin ibaiak banatzen ditu biak). Eta egungo estandarra 1972ko «erabaki politiko batek ebatzi zuen». Bi dialektoen konbinazio honen oinarria, %80, Tosk dialektoa da. Hori da estandar ofiziala Albanian, Kosovon eta Mazedonian. Eta atzerria albanierarentzat ez da inoiz nolanahiko kontua izan. Jugoslaviaren garaietan serbokroazieraren ostean albaniarrak ziren bigarren hiztun komunitatea: Pristinaren eskualdean, alegia Kosovon, baina ez soilik. Bai Kosovon nola Mazedonian, albaniarrek ugaltze tasa altuagoak dauzkate haien auzokideen aldean. Hala, Mazedoniako populazioaren laurdena baino gehiago dira albaniarrak. Ironikoki esaten omen dute Skopje dela munduan albaniar gehien dauzkan hiria.

Eslieren aburuz Tirana, Pristina eta Skopje dira albanierazko literaturarako hiru gune nagusiak. Nahiz eta Montenegron ere baden albaniarren komunitate garrantzitsu bat (populazioaren %10).

Baina Albaniatik kanpoko gutxiengo bitxiena, eta luzaroan literaturari ekarpen nabarmena egin diona, Italia hegoaldeko arbëreshen komunitatea da. Skanderberg 1468an hil eta gero bertara joan ziren errefuxiatuen ondorengoak dira. Hobeto bizi ei ziren han Balkanetan baino. XIX. mendean arbëreshen komunitateak berebiziko ekarpena egin zion albaniar literaturari eta mugimendu nazionalistari. Funtsean, «albaniar literatura zaharrena arbëresh literatura baita». Egun 90.000 bat hiztun ei daude Cosenzako mendietan eta Palermon. Beren hizkuntzak ez du Italiako errepublikaren inolako errekonozimendurik (alemanak, frantsesak eta eslovenierak ez bezala) eta «kinka larrian dago italieraren eragin handiarengatik eta emigrazio ekonomikoarengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.