Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Irakaspen zerrenda (II)

2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Konfinamenduak ekartzen dizkigun irakaspenen zerrenda osatzen jarraitu dugu etxean, etengabeak baitira. Batzuk txirrimiskeriak dira, esaterako dizipuluen aurrean bideo konferentzian dotore azaltzea dela bizarra egiteko motibazio handienetakoa, nahiz eta aldez aurretik jakin oharkabean pasatuko dela ahalegina. Nabaria da, ordea, egoera zail honetan ikasleek euskara ikasteko egiten duten lana, Internet konexio kaskarren kontra, arrail teknologikoaren gainetik eta irakasle bizardunok gorabehera. Alimaleko irakaspena izan da. Nahi genuke ardura politikoa duten ordezkariek ere lezioa jaso izana —Nafarroan bereziki—, aurrerantzean gure ikasleek euskara ikasten jarraitzeko, eta, are garrantzitsuago, euskaraz bizi ahal izateko oztopo euskarafobikorik izan ez dezaten.

Etxean igarotako egunetan ezagutu dugu sistema publiko indartsuagoa izan bagenu izurritearen kalteak arinduko zirela, baina dagoeneko badakigu berehala murrizketak ezarriko zaizkiola sistema publiko berari. Administrazioek iragarri digute mekanika kapitalista erabiliko dutela kapitalismoaren gainbeherak eragin dituen kalte ekonomikoak konpontzeko. Logikoa eta koherentea. Izan ere, Sanchez txorimaloak, Urkullu mesiasak eta Confebaskeko agintariek aditzera eman digute ekonomia lehenetsi behar dela zera ororen gainetik, osasuna barne. Beraiek irakatsi digute ez dagoela AHTrik gabeko bizitza posiblerik—hortaz, bizirik ote gaude AHTrik gabeko aro honetan?—, eta funts publikoak egitura erraldoia hornitu behar duela ezinbestean, pandemia garaian eta guzi. ETBren ekarpen didaktikoa ere jaso dugu. Inon den lana eginda Nafarroara ekarri genuen euskal telebistak ohartarazi digu Foru Erkidegoak interes informatiboa galtzen duela une historikoetan. Eta ETB1ek erakutsi digu, meza eta mariatxiez harago, bestelako emankizunak euskaraz eskaintzeko gai dela: txirrindularitzaren eta pilotaren une gorenak, hurrenez hurren.

Horra hor itxialdian ikasitakoa, irekialdiak zer irakatsiko ote digun ezagutzeko irrikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.