Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Alde positiboa

2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Gauza bera gertatzen zait Monty Pythonen Life of Brian filma ikusten dudan aldiro: ondoko egunean —egunetan maiz— azken eszenako kanta buruan iltzatua ibiltzen dut. Berdin dio segituan Esne Beltzaren abestirik gogoraerrazena edo Ikusi mendizaleak entzuten baditut—iltzea beste iltze batez kentzen dela esan ohi da—, «always look on the bright side of life» ahapeka kantatzen jarraituko baitut, nire ingeles makarronikoan bada ere.

Aurreko batean ez nuen filma ikusi behar izan; bileran entzundakoak ekarri zidan gogora abesti alaia. Lanean giroa hobetzeko estrategiez ari ginela, proposamen batek buruko play botoia sakatu zuen: gaizki egindakoa kritikatu beharrean, horren alde positiboa bilatu behar da. Errepara iezaiozu beti bizitzaren alde dirdiratsuari. Ttak. Geroztik isileko kantatan aritzen naiz bazter guzietan, baita ametsetan ere.

Abestia jokabidea gidatuko didan itsasargia izanen da aurrerantzean. Adibidez, Nafarroako hamabi gaztek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan baldin bazuten adierazpen eskubidea erabiltzeagatik, detaile hutsal hori baztertuko dut auzibidea artxibatu egin baitute. Justiziak funtzionatzen duela pentsatuko dut. Biztanleria txertatzeko prozesua mantsoegia baldin bada, Teleberri-k eskaintzen dizkigun txertatuen irudi itxaropentsuak gordeko ditut gogoan. Edo Iruñeko Udalak berriz ere euskararen arrastorik ez duen jarduera bat antolatu duela disko gogorretik ezabatuta, kultur ekitaldiko parte hartzaile guziak emakumezkoak izan direla nabarmenduko dut balorazioan. Trebezia handiz —oso— euskaraz idazten duten emakumeez ahantzi badira ere, gonbidatuen kalitateari erreparatuko diot.

Baten batek esan lezake giroa hobetzeko estrategiarik eraginkorrena arazoak konpontzea dela, eta horretarako gaizki egindakoa identifikatu eta kritika egin behar dela. Ikuspegi zinez ezkorra. Bitartean, nik «tara-tara-tararara»-ka jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.