Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Komunaren estiloa

2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Deigarria egin zait beti Henri Lefebvreren Komunaren aldarrikatzea lan monumentaleko lehenengo atalaren izena eta gaia, zutabe honi izena ematen diona. Kapituluaren aurretik Prosper-Oliver Lissagaray Komunako segurtasun arduradunaren aipu bat dakar: «Komunak ogia bidali die hiltzen gaituztenen laurogeita hamabi emakumeri. Alargunentzat ez dago banderarik. Errepublikak ogia dauka miseria guztientzat eta muxuak umezurtz guztientzat».

Lefebvrek, fin, bere ikerketan salatu zuen ohikoa den historia liburuetako estilo hori: egileak hastapenean ezer ez dakiela aitortzen du, eta irakurlea ere ezjakintzat hartzen du, apurka gertatutakoa argituko balute bezala. Nobelagilearekin parekatu zuen fikzio zilegi hori. Lefebvrek kontrakoa egin zuen: asumitu zuen egindako ikerketa guztia eta hortik idatzi zuen. Bitxia da liburua osatzeko Lefebvrek egindako justifikazioa: Komunako gertakizunekiko fideltasunez landu zuen Komunari buruzko liburua estilo berean. Lefebvrek zioen hoztasuna ongi dagoela historialaria dokumentuak irakurtzen ari denean. Baina historialariak kontakizuna landu behar duenean «hoztasuna ez da inolako bertute intelektuala eta balizko inpartzialtasunak partzialtasun okerrena ezkuta dezake. Hobea da politiko alderdikoiaren estiloa, ala kontrario pasiodunarena gizakien heriotzarainoko patuarekiko ezaxola denaren aurrean».

Baieztapen erromantikoari uko egin zion liburuak, bere helburua «alderdikoi/etsai» poloetatik ihes egitea izan zen, baina pasioz. Lefebvrek, askorentzat despektiboki, literatura izango diren apreziazio hauek, Marxengandik jaso zituen ordea: zorroztasuna, epika, pasioa, logika, konfrontazioa. Unean uneko egoera soziala aztertu, ulertu eta azaltzean ere «halakoetan» galtzen zelako maisua.

Hori izan zelako Komuna, Lefebvrentzat: «Handitasunaren eta zorakeriaren nahasketa ohiz kanpoko bat, balentria heroikoarena eta ardura ezarena, eldarnioarena eta arrazoiarena, exaltazioarena eta ilusioarena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.