Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Eleaniztunen hiru gaitzak

2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Urte hasieran Gaitasuna, aukera, desira izeneko iritzi-artikulua idatzi nuen Euskaltzaindiaren mendeurreneko hitzaldi baten karietara. Berria sarean irakurtzen duzuenek hura bilatu baino ez duzue artikulu honen abiapuntuaren berri izateko; paperjaleentzat, aldiz, esango dut gaitasuna, aukera eta desira hizkuntza txikien hiztunek hizkuntza erabiltzeko bete beharreko hiru urratsak direla, Euskal Herriaren errealitate soziolinguistikoa ulertzeko ezagutza-erabilera binomioak baino irudi zehatzagoa eskaintzen digutenak, hain zuzen. Idatzi nuenetik bueltaka ibili natzaio gaur dakardan burutazioari. Izan ere, ia oharkabean, konturatu naiz trinomioaren urrats bakoitzari euskal hiztunok bizi ditzakegun 3 gaitzetako bat egokitu dakiokeela, eta sendabideak topatzeko lagungarri izan daitekeelakoan, diagnostikoa findu nahian ibili naiz azken aldian.

Gaitasuna da hiztunak behar duen ezinbesteko baldintza: ez bada gai, alferrik da nahi izatea... Baina bada gai izatearen eta nahi izatearen arteko zirrikituan zabaldutako zauri mingarri bat: gai izanik ere, hala ez sentitzea. Hiztunen legitimitatea ez da arazo izaten euskara etxeko hizkuntza duten euskaldunen kasuan, baina bigarren hizkuntza dutenetako askoren hitzetan «euren euskara ez da besteena beste». Imajinatu lasterketa baten irteera-lerroko korrikalariak, eta sendia ondokoari begira, «ni ez naiz urlia bezain bizkorra» esaten; ez du helmuga urliaren aurretik zapalduko, baina ez dio uko egingo korrika egiteari. Hizkuntzaren kasuan, ordea, hiztunen zilegitasunarekiko ziurgabetasunak lasterketa bertan behera uztera bultzatzen du dominarik jaso gabe ere komunitateari mesede handia egingo liokeen bat baino gehiago.

Aukera da komunikazio-ekintza gerta dadin behar dugun ia gainerako guztia: tokia, unea, laguna, liburua, tramankulua... elebakarren munduan, pultsometrorik gabeko kudeaketa sinplea, eleaniztunon galaxian, zazpi baratako atorran sartzea ekar lezakeen planeta-lerraketa, hau da, estres linguistikoa. Hala esaten zaio norekin, noiz, non, zein hizkuntza hautatu erabaki beharrari. Gaitzari aurre egiteko terapia interesgarriak garatu dituzte adituek, baina ez dira albo efekturik gabeak: euskaldunak behartuta gaude ogia irribarrez eskatzera, parekoaren balizko erantzun desegokiak leuntzeko asmoz. Gaitzak baditu bi aldaera ezagun: batetik, gai sentitzen ez denaren ziurgabetasunak eragiten duen estres linguistiko akutua; bestetik, beti parean erdaldunak topatzen dituenaren eldarnio bihozgabetzailea.

Desira da hizkuntza txikien gasolina, hizkuntza handien autopistatik joan beharrean munduan zehar bihurgune eta bidezidorrez betetako errepideetan gora-behera ibiltzeko erabakia. Gasolinaren deposituak bezala, batzuetan desira gainezka izaten dugu, eta beste batzuetan argi gorria piztuta; hori normala da. Desirak, ordea, gaitz sendaezina izan dezake: autogorrotoa, edo bere burua talde hegemonikokoa ez izanik, norberaren hiztun-taldea gutxiesteko eta erdeinatzeko duen pertsonaren gaixotasuna. Kasu sonatuak daude Euskal Herrian, hizkuntzen ordezkapenaren zale amorratuak. Hori bai, autogorrotoa euskara etxeko hizkuntza dutenek baino ez dute garatzen; bigarren hizkuntza dutenek diamantezko desira izaten dute, bide malkarra baita euskaltegi eta eskoletakoa.

Hiru gaitz, hamaika tratamendu. Hizkuntzarekiko ziurgabetasunak shock-terapia behar du, ahalduntzea eta beldurra galdu arteko erabilera. Estres linguistikoak pildora txikiak behar ditu, egoera ezezagunetan espazio berriak konkistatzeko ausardia eta konfiantza. Autogorrotoak ez du konponbide errazik (lobotomia akaso), eta hobe da prebentziozko neurriak hartzea, inguruko birus kaltegarrienen gezurrek eta gaizki-esanek garuna, mingaina eta bihotza pozoitu ez diezazkiguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.