mikel elorza
ARKUPEAN

Lehengo proteinatik burua

2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Aktore gisa ezkutuan bada ere seguru baduen vis comica oraindik ezagutzen ez badiogu ere —ez comica eta ez bestelakorik, egia esan—, dramaturgo handia da Urkullu jauna. Bera ez zutela txioek inora mugiaraziko eta haserre azaldu zitzaigun Zaldibarren, pertsonajea shakespearetarra zirudiela arazo-itsaso baten aurka, baina eroritako lurrak pixka bat asentatu direla, fenix gisa jalgi zaigu autore berritzailea hondakinen artetik, performance perfektua obratuz: ahoa maskara batez estalita bidaliko du jendea bozkatzera, mozal-hauteskunde batzuk antolatuz. Ez esan ederra ez denik.

(Zalantza bat: maskaran mezu politiko ez-zuzenak eramanez gero hauteskunde mahaiko buru edo inguruetako ertzainek kenarazi ahalko digute? Osasun segurtasuna ororen gainetik!)

Dramaturgo bikaina izateaz gain, aztia ere bada: konfinamendua agindu zuen, pandemia iritsi aurretik, Eibar, Ermua eta Zaldibarko bizilagunentzat. Etxeratze agindua, ezin parkeetan jolastu edo kirolik egitea. Eta gainera leihoak itxita. Guk balkoiak eduki ditugu.

Eta horrexen bila abiatuko dira alderdiak ere, Legebiltzarreko balkoien bila. Ez daukat iritzi sendorik uztailean egitearen kontuaz. Zentzunak diost bizi dugun anormaltasunetik hain hurbil egitea, ordurako deseskalatzearen azken rappel-era helduta ere, apur bat prezipitatua dela; baina ez nago oso ziur. Eta ez diot kasu handirik egingo alderdiek diotenei, alde zein kontra daudenei, zeren eta haien jarduna —pandemian ere hala izan da— hauteskunde lehia etengabe bat da. Erabakia nork hartu duen begiratzen da zer erabaki duen bainoago. Eta jendearen onura alderdiaren interesen aurretik jartzea, hori ikusteko nago oraindik.

Etxetik bozkatzea, postaz, bultzatuko omen dute. Pandemiaren krisi honek hori erakutsi digu, etxearen garrantzia. Baldin badaukazu, batez ere. Eta ez dago erraza, nahiz eta deseskalatzearen egungo fasean, aste honetan, behin baino gehiagotan errepikatu den, normaltasun osoz, jendeak joan ahal izan duela haien «bigarren etxebizitzara». Bigarrenera. Nahiz eta milaka lagunek bakarra ere ez daukan, eta edukitzeko aukerarik ere ez, etxeen prezioa eta euren diru sarrerak kontuan hartuta. Edo alokairuena (ez baita jabetza kontua). Nabarmentzekoa, joan ahal izan garela bigarrenera.

Etxebizitza zentrala da, oinarrizko ondasuna da, babes berezia beharko lukeena, baina inork ez du benetako erabakirik hartzen: ez prezioen arautze derrigorrezkorik, ez erabaki fiskal hertsagarririk, ez alokairuaren inguruko politika eraginkorrik.

Beste erabaki batzuk hartzen dituzte. Ez dakit zenbatgarren azpifasean martxan izango dira, berriro ere, Espainiako Estatuan, loteriak. Soldata edo pentsio duinak ez, ondasunen banaketa ñimiño bat ere ez, merkatuaren arautzerik ez, baina behintzat loteria. Ea zortea alde dugun. Eta futbola ere —aberatsa, gizonezkoena, profesionala— berehala den. Epailea eta jokalariak ezingo ditugu bertatik bertara iraindu, hori du eskasa modalitate berriak, baina konfinamenduan eta deseskalatzean zehar auzoko arau urratzaileak salatu eta kritikatuz barrenak ederki hustu ditugunez, agian bareago iritsiko gara denboraldi amaierara.

Eta bitartean, munduan, apurka koronabirusa ahaztu eta birus zaharrek lehengo proteinatik burua: kurduak gure zaharren egoitzetako agureak baino ahantziago; Netanyahu eta bere lagunak ez gaitu inork geldituko kantatzen, horiek bai benetan, Mendebaldeko agintariek balkoitik krokodilo malkoak isurtzen dituzten bitartean; Mediterraneoko migranteak harrituta nola bi metroko distantzia soziala ezin mantentzeaz mintzo garen haiekiko kilometrotako amildegia aspaldi ezarria daukagula... eta Donald Trump hidroxiklorokinarekin kolokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.