Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gezurrak, gezurrak, gezurrak

2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Zientzia fikzioa ez da iragarlea, deskribatzailea baizik». Antzeko zerbait —itzulpen traketsa nirea da— zioen Ursula K. Le Guin idazleak The Left Hand of Darkness (Iluntasunaren ezkerreko eskua) liburuaren hitzatzean. «Profetek —debalde—, iragarleek —trukean dirua jasotzen dute eta, ondorioz, profetek baino ospe handiagoa izaten dute— eta futurologoek —soldatapean— eskaintzen dituzte pronostikoak. Beren lana da iragarpenak egitea; ez, ordea, nobelagileena. Gezurrak idaztea da nobelagilearen eginkizuna». Zutabegile kaskarrok nobelagilearen antzera aritzen gara gezurretan, aurreikuspenak egiten ditugu etorkizunak zer ekarriko duen jakinen bagenu bezala; eta bueltan, gehienetan, denboraren zaplaztekoa hartzen dugu.

Asko profetizatu da pandemiaren ondorengo jendarteaz. Antza, ohartu gara egitura publiko sendoagorik izan bagenu, pandemiaren eraso bortitza arinduko zatekeela, bai osasun arloaren aldetik, bai jendarteko pertsona ahulenen babes sozialari dagokionez. Egungo sistema publikoa indartzea izanen litzateke behar horren ondorio logikoa, noizbait iritsiko den hurrengo larrialdian —zutabegile baldarraren iragarpena— administrazioak premiazko egoerari aurre egiteko mekanismoak izan ditzan. Hortaz, arduradun politikoak neoliberalismoaren arauditik urrunduko zirela aurreikusten zen, herritarron beharrak erdigunean izanen zituen bidezko sistema batera abiaturik. Gezurra. Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Nafarroa Suspertu plangintza integralak zaplazteko zaratatsua eman digu: garraio egitura erraldoiei eusten die; ez dago apenas fiskalitatearen gaineko aipamenik, errenta handikoei zergak igotzeaz bat ere ez; eta publikoa indartu beharrean, publiko-pribatu binomioaz aritzen da enpresa-diskurtsoa erabilita. Pribatua hartzen du publikoaren eredu. Etorriko diren murrizketetarako bidea prestatzen hasia da prentsako testuingururik gabeko mezu interesatuen bitartez.

Zutabegile kaskarra naiz eta, hortaz, gezurtia. Mesfida zaitezte idazten dudan guziaz. Benetan diotsuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.