Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Hitzek badakite

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Salbaikeria izan da, sarraskia, autobus kanpoaldean gertatu dena!». Baionako kazetaria irrati publikoan berriki, uztailaren 5ean Baionako gidariaren hilketaz, autobus kanpoaldean hil zutena, gidariaren hiltzailearen abokatuari egin galdera-oharrean.

Zenbait aste lehenago, izenpetze kanpaina baten aldeko mezu elektroniko bat. Legeak indartzen balira ez litezkeela horrelakoak gertatuko. Emoziotik. «Zer egin bestela horrelakoen aurrean?». Mezuan, bi lege izenbururen artean: jendailak hiltzen du traola.

Laster zabaldu zen zurrumurrua. Gidariaren hiltzaileak arabiar jatorrikoak zirela. Autobus gidariaren hilketaz luze eta zabal baliatu da eskuin muturra, «jendailarena» zabaltzeko. Herritar batzuei jazarpenak jasanaraziz sare sozialetatik, faltsuki akusatuz, polizien esku baizik ez diren txostenetatik atera argazkiak oinarri. Aspaldiko hitza du «jendailarena» eskuin muturrak. Eta aspalditik arrakastatsu. 2005ean Nicolas Sarkozyk, Frantziako Barne ministro zela, bere egin zuen.

Gaur egungo Barne ministro den Gerald Darmaninen ahoan modan jarri dena: «gizartea salbaitzen» ari dela. Eta horren harira delinkuentziaren zenbakiak hilabetero argitaratuko dituela.

Jendaila. Salbaitze. Bi hitz, baina jatorri eta jomuga bera.

«Jalgitzen diren hitzek gauza gehiago dakite gutaz guk haietaz baino», René Char poetaren hitz hauek gogoratu zituen Christine Taubira Frantziako Justizia ministro ohiak, Darmaninen «salbaitzea» kolonialismoaren irudimenetik zetorrela gaineratuz.

Kate luzea. Jim Harrison idazleak bere oroitzapenetan ere gogoratu zuena: «Pentsatzen hasiz geroz, gure ustezko indioen aurkako gerrak, konkistak eta etxebizitza operazioak izan dira, hitzaren erran-nahi zuzenean. Ontasun horiek guztiak berehalako desjabetze gai izan dira. Anitzez berantago, Bertolt Brecht-ek du errana, suntsitu nahi ditugunak, hasteko, salbai deitzen ditugu».

Baionako meskitaren aurkako atake islamofoboak urtea beteko du laster. 2019ko urriaren 28an izan zen. Meskita erre eta bi kide balaz zauritu zituen Claude Sinkek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.