Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Sexua eta zaurgarritasuna

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Liburu gardena argitaratu du Katherine Angelek aurten ere: Tomorrow Sex Will Be good Again. Lau atal dauzka: onespena, desira, eszitazioa, zaurgarritasuna. Liburu zuzena da, James Deen aktore pornoak bere zale emakume batekin egindako film batekin hasten da eta hasieratik da latza. Egiten denetik zenbat egin nahi da sexuari dagokionez, patriarkatuan gertatzen den sexuan. Zer da lotsagarria, zer da baimena, zer da exotikoa, zer da erakargarria eta noiz. Sarritan olatu bat agenda mediatikora iristen da (#MeToo-rena, adibidez), baina afera horren genealogia bat egin behar da gero, azalpen lasai bat, eta hori egiten du Angelek. Foucault martxan jarri, perspektiba, bibliografia, buruari tortsioak egiten dizkioten aipuak, estatistikak.

Angelen galdera askok mugara eramaten gaituzte: desiratzen dugun zenbat nahi dugu benetan? Zenbat desiratzen dugu presioagatik? Bada bulkada bat? Nolakoa da bulkada hori generoaren arabera? Nola eraikitzen ditugu fantasiak? Nola eragiten digute sexu praktiketan? Eta Angelek erakusten du zenbateraino dagoen polarizatuta sexu esperientzia heterosexuala osorik: emakumearen eszitazioaren bizipena eta diskurtsoa, gizonarena; bortxa, segurtasuna, mugak, jarrerak.

Hor badugu lan eskerga bat, gure oheetan, Audre Lordek gizon eta emakume beltzez idaztean bezala: «guk geuk geure buruak definitzen ez baditugu, beste batzuek egingo dute... gu erabiltzeko eta gu menosteko». Bestela esanda, Lorderekin berriz ere: «Nola sentitu maitasuna, nola ez uko egin beldurrari eta gaindituta sentitzeari, nola gozatu sentimendu sakon batez?». Alegia, nola izan zaurgarri gozatzeko, zaurgarri zarenean egiten ahal dizutenean mina. Batzuetan gertatzen da, zeharo zeharkatzen zaituenean liburu batek, mesanotxean zain dauzkazun dozenez ahaztu eta egiten duzun hurrengoa egile beraren beste bat erostea da. Esku artean daukat Daddy Issues, egungo gizartean aitak duen tokiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.