Angel Erro.
JIRA

Alarmak eta abar

2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Euskaltel Masmovilek erosi zuenetik eta Masmovil LorcaTelecomek (zeina berez hiru inbertsio funtsen enpresa-tresna baita), ezin da esan, izenak kontrakoa iradoki arren, deus duenik guretik. Baina izenaren oihartzuna luzea izaten da bezeroengan.

Horregatik, aitortu behar dut pixka bat sumindu naizela leitu dudanean Euskaltelek etxebizitzentzako alarmen negozioan sartu behar zuela. «Zu ere, nire seme?», edo horrelako zerbait botatzeko tentazioak hartuta. Baina gorago jo behar izan dut arranguraka. Ez dakit lasaigarria ala kezkagarria ote zaidan.

Zergatik dago mundu guztia interesatuta denok etxean alarma bat jar dezagun? Ez da eskaintza errugabea. Ongi arduratzen dira beldur gaitezen. Berberak dira alarmak saldu eta telebistetan beldurra sakatzen digutenak. Haienak ere badira okupazioa deabrutzeko notizia ustez neutralak. Beldurra gutxitan da neutrala. Beste edozein bezalako salerosgaia da beldurra.

Notizia berberean iragartzen digute, alarmez gain, Euskaltelek energia berdea, telemedizina eta epe laburreko kredituak saltzeko/eskaintzeko asmoa duela. Ongizatezko gizartearen apokalipsiaren lau zaldunak. Ezinen dugu esan gero ez digutela abisuzko adarra lehenagotik jo, ongi altu jo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.