Elkarrizketei berrekiteko itun bat sinatu dute ERCk, JxCk eta CUPek

«Gutxieneko» lau puntuko akordioa da. Inbestidura eta bloke independentistaren estrategia ez dituzte batera negoziatuko

CUPeko eta JxCko kideak, Kataluniako Parlamentuan, atzo. TONI ALBIR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Etenda, aurrera egin ezinik, zeuden ERCren eta JxCren arteko negoziazioak. Horiei berrekiteko pauso bat ematen lagundu die, ordea, CUPek. Hiru alderdiek «gutxieneko» lau puntuko akordio bat adostu dute elkarrizketak errazteko asmoz. Halere, ez dago oraindik ERCko zerrendaburu Pere Aragones Kataluniako presidente inbestitzeko akordiorik. ERCk bakarrik gobernatzeko asmoa adierazi du, baina JxCk ere Generalitatean leku bat nahi du. Alderdiek hilaren 26ra arteko epea dute zerbait adosteko, bozak berriz egin nahi ez badituzte.

Hiru alderdi independentistek konpromisoa adierazi dute «Kataluniako gizartearen babesa duten baina estatuaren markoan kabitzen ez diren oinarrizko eskubideen defentsarako horma bat eraikitzeko», «krisi ekonomiko eta sozialari erantzun bat emateko», «autodeterminazioaren aldeko akordio nazional handi bat» babesteko eta, «gobernabidetik haratago, estrategia independentistaren gaineko elkarrizketa espazio bat» sustatzeko.

Bozen ostean mahaian eseri zirenetik hizpide izan dituzte gai horiek, baina bada aldaketa nabarmen bat: hemendik aurrera, prozesu independentistaren eta Errepublikaren Kontseiluaren inguruko elkarrizketak ez dira Aragonesen inbestiduraren gaineko negoziazioei lotuta egongo.

Besteak beste, Errepublikaren Kontseiluak independentismoaren «zuzendaritza estrategikorako mahaian» izan beharreko rola eta Madrilekiko jarrera —elkarrizketaren aldekoa ERC; konfrontazioa bultzatzearen aldekoa JxC— izan dira bi alderdiek akordio bat erdiestea zaildu duten arazoetako bi. Izan ere, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren alderdiak ezinbestekotzat jo du orain arte gobernu berriaren eraketa estrategia independentistaren antolaketaren pean kokatzea.

Ezin ulertu horri konponbide bat emateko alderdiek anbiguotasunera jo dute, bi ikuspuntuak barneratuz testuan: «Elkarrizketaren bidez eta estatuaren aurkako oldarraldi demokratiko baten bidez datorren legealdian autodeterminazioa eta amnistia lortu daitezkeen konpromiso argiarekin».

Gaineratu dute otsailaren 14ko bozek «askapen nazionalerako ziklo berri bat irekitzeko aukera» ematen diotela independentismoari. Gauzak hala, eta erreferendum berri bat helburu hartuta, akordio nazional bat lortzeko bilera batera deitzeko ardura hartu dute. Han parte hartuko lukete, alderdiez gain, gizarte mugimenduek eta bestelako eragile independentistek ere.

Oraindik argitzeke

CUPek mahaian esertzera bultzatu ditu bi aldeak, baina ikusteko dago horrek fruiturik emango ote duen. Izan ere, ez dago garbi JxC eta ERC ados jartzeko gai izango diren hurrengo bi asteetan. Larunbatean, Aragonesek adierazi zuen zaila ikusten duela bien arteko koalizio gobernurik egotea. JxCk, ordea, ez du aurreikusten eurak barne hartuko ez dituen gobernurik. Bakarkako gobernuan edo koalizioan, ERCk Puigdemonten alderdiaren babesa beharko du.

Hori bultzatzeko asmoz, ANC Biltzar Nazional Katalanak manifestazio batera deitu du iganderako, Horrela ez! Gobernatu nahi dugu lelopean. Elisenda Paluzie lehendakariak adierazi du otsaileko hauteskundeetan independentistek botoen erdiak baino gehiago eskuratu izanak «ilusioa» piztu zuela, baina azken asteetan alderdiek izaniko jarrerak oso bestelako sentimenduak agerrarazi dituela: «Haserrea eta etsipena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.