Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ustelak lurpera?

2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ikuskizun bat bihurtu da politika. Hipotesirik okerrenak betez, Plazen mugimendutik (M15, Syntagma, Nuit Débout) sortu diren alderdien tik-tak politikoa dimisioen eta zelataren ikuskizunera lerratu da (Maxim Huerta, Carmen Montón, Dolores Delgado, Pedro Duque): konbinatuz moral puritano bat eta agenda eraldatzaile baten absentzia erabatekoa. Politika berriaren ekarpena labur daiteke horrela: kapitalismo zaharraren praktika baina errenta aitorpena ongi egin duten eta masterrak erosi ez dituzten aktorez osatutako politika. Ala Nafar periferiara ekarrita: Erregimenaren azpiegitura publiko xahutzaile eta elitista berak eraikitzea (errepideak, AHT, Etxabakoitzeko lehergailua) baina dieta ilegalak kobratu gabe.

Baina ez. Zerumuga komunistarekin bat egiten dugunok 1919an Leninek botere sobietarraren zailtasunez idazten zuenera jo behar dugu: «Sozialista utopiko zaharrek imajinatzen zuten sozialismoa soilik eraiki zitekeela pertsona berriak sortuz, pertsona onak, garbiak, ongi heziak eta horiek eraikiko zutela sozialismoa. Guk beti egin diogu barre horri [...]. Sozialismoa eraiki nahi dugu kapitalismoak hezi, usteldu eta biziatu dituen pertsonekin, [...] badira espezialistak zientzietan, teknikan, kontzepzio erabat burgesak dituztenak, (...) eta alor ekonomikoan, (...) ingeniariak, maisuak, jabeen klaseetatik datozenak, ez zerutik».

Afera ez da ministro eta kontseilariek atzo zer egin zuten. Baizik eta zein politika jartzen dituzten martxan. Horregatik ikusi behar da Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen. Milaka bizkaitarri zortzi hilabete askatasun gehiago eman zizkien Lezo Urreiztietari buruzko marabila hori. Ulertzeko askatasuna zer esku zikinekin eraikitzen den, baina emantzipazioa gehiago dela edertasunaren ekipokoa zoriontasunaren ekipokoa baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.