Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Auto-stop egile galaktikoaren gida

2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«...ziztu bizian. Informazioa ahalik eta lasterren izan nahi dute eta, irakurtzeko astirik ez dutenez gero, titularrei besterik ez diete erreparatzen edo, gehienez jota, testuaren irakurketa diagonala egiten dute, denbora galtzeak ikara sortzen baitie. Era berean, txioak idazten dituzte, beren laburrean hurrengoa txiokatzeko aukera emanen dietelako. Inurrien antza, eginbehar batetik bestera mugitzen dira, etengabeko mugimendu azkarrean eta maiz helbururik gabea. Horregatik ez da harritzekoa Abiadura Handiko Trenaren proiektua sortu izana.

...

Egia esatera, abiadura da izaki horien bizimoduaren funts nagusietakoa, ia dirua biltzearen parekoa. Bost minutu lehenago helmugara iristea argudio ezin eztabaidatuzkoa dute tren tradizionala pixkana-pixkana herdoiltzen uzteko. Irabazitakoa lau, hiru edo bi minutuko tartea balitz gauza bera eginen lukete. Izan ere, moteltasuna dute etsai, eta ohiko trena balizko geldotasunaren ikur bihurtu dute, ezabatu beharreko izurritearen ordezkari. Segundoak irabazteko borrokan zilegi jotzen dute ingurugiroa betiko kaltetzea eta, nahiz eta beren espezieko hainbat kide beharrean bizi, gupidarik gabe xahutzen dute dirutza azpiegitura erraldoi hartan. Bestalde, aipatu behar da bizidun horietako ale batzuk ederki bizi direla eraikuntza lan amaigabeen lepotik eta, beraz, ezin da ukatu delako abiadura handiko tren horrek aberastasuna ekarriko diela izaki hautatu batzuei. Ikerketaren arabera,bildutako hainbat frogatan oinarritua, proiektuaren bultzatzaileak, funts publikoaren suntsitzaileak eta diru etekin handia eskuratu dutenak espeziearen ale bereak izan ohi dira.

...

Horregatik guziagatik, Zaphod Galaxiako presidenteak eskatutako aholkuari erantzunez,planeta bere horretan uztea da nire gomendioa, bertako izakiak arduratuko baitira suntsiketaz».

(Auto-stop egile galaktikoaren gidaliburutik jasotako aipua, 644784 or., 4. atala, artikulua: Egiturak)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.