Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gauza guzien zergatia

2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Aurreko astean topo egin nuen ezagun batekin. Mallorcako uholde lazgarria zela eta, hangoa naizela jakitun, gertatutakoaz galdetu zidan. Galdera erretorikoa egin zuen, erantzuteko denborarik eman gabe hondamendiaren zergatia jakinarazi baitzidan: «Alde hartakook dirua izugarri gustuko duzuenez gero, etxeak nonahi eraikitzen dituzue turista gehiago ekartzeko». Eta errepideak, gehituko niokeen, gure herriko errepide zati handi bat desagertu baita. Baita 12 pertsona ere ondokoan. Nolanahi ere, galdera-erantzunak zer hausnartua eman dit.

Esanen nuke solaskidearen ondorioak topikoan duela oinarria, eta topikoak genetikan: mallorcar eta gainerako Herrialde Katalanetako herritarrok —guziok— turbo-kapitalismoari lotuta gaude feniziarrek —guziek— auskalo norengandik heredatu zuten merkataritza genea jaso omen dugulako, eta oinorde zitalak ondasunak metatzeko grina sorrarazten digu. Horrela azaldu ohi da behar ez den lekuan eraikitzeko obsesioa, bost axola naturak trukean zer ekarriko ote digun; ustelkeria ohoretzat hartuta, arrazoi beragatik ekiten omen diogu aurrezki kutxak garbitzeari; eta alde hartako herritar —guzion— estrategia bermatzeko, agintari eskuindarretan eskuindarrenak hautatu ohi ditugu. Genetika zikina.

Baina zer gertatuko ote zatekeen bestelako herentziarik jaso izan bagenu? Seguruenik, arbaso kaukasoarrak, sardiniarrak edo bertako cromagnonak izanda ere, gisa berean jokatuko genukeen: erkidegoko aurrezki kutxa erreferentziala arpilatuko genukeen gupidarik gabe; behar ez diren lekuan egitura kaltegarriak—kendu hotelak eta jarri trenak edo urtegiak— eraikiko genituzkeen; gure parke natural batean maniobra militarrak eginen zituzketen, bonbak eta guzi; eta aurreko guzia bultzatuko eta bermatuko zuten politikari eskuindarretan eskuindarrenak bozkatuenak izanen ziratekeen berdin-berdin. Kapitala baita, ez da topikoa, gauza gehienen zergatia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.