Athleticek atea itxi gura du gaur Butarquen

haritz gallastegi
Bilbo
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ligako zazpigarren postuak saria izango duela dirudi. Valentziak txakalaldi handirik izan ezean, txapelketa postu horretan amaitzen duen taldeak aukera edukiko du Europa Liga jokatzeko. Pozoia daukan sari bat dela pentsa dezake batek baino gehiagok. Izan ere, zazpigarren sailkatuak uztailaren amaieran jokatu beharko du lehen kanporaketa. Guztira hiru gainditu beharko ditu Europa Ligako multzoen fasea jokatzeko. Beraz, saria edo traba da? Athleticen argi dute: saria da. Jokalari zuri-gorri askoren ustez, kanporaketa aurrekoak jokatzeak kendu baino gehiago ematen du. Batetik, aukeran nahiago dutelako abuztuan partida ofizialak jokatu lagunartekoak baino. Liga aurreko prestaketa eramangarriagoa egiten zaiepartida ofizialak jokatuta. Bestetik, aurrera eginez gero aste barruko partidak jokatzeak interesgarriagoa egiten dutelako sasoia. Bestalde, onartzen dute goiz hasteak denboraldiaren azken txanpan eragina izan dezakeela. Nekea agertzen dela, alegia.

Finean, Europa Ligan parte hartzeak ilusioa egiten dielako, lehoiak zazpigarren postua eskuratzen ahaleginduko dira. Gorago amaitzea ezinezkoa da. Aurretik doazen taldeek alde handia dute, eta Athletic baino indartsuago ari dira amaitzen sasoia. Zazpigarren postua lortzea ere ez da samurra izango. Alaves, Betis, Espanyol eta Reala helburu berarekin ari dira lehiatzen. Europarako sailkatzea lortzeko, azken jardunaldietan defentsan galdutako sendotasuna berreskuratu beharko du Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak. Bizkaitarrek atea itxita lortu dute jaitsierako postuetatik Europako postuetara gerturatzea. Athletic ez da erasoan etorri handia duen talde bat: zailtasunak ditu aukerak sortzeko. Ondorioz, ia ezinbestekoa da atea hutsean mantentzea garaipena lortzeko.

Athleticek etxeko lanak eginda dituen Leganesen etxea bisitatuko du gaur. Mauricio Pellegrinok lan ona egin du talde madrildarrean. Ondorioz, liga amaiera lasaia izango du taldeak. Athleticen, Raul Garciak ezin izango du jokatu, txartel pilaketa tarteko. Garitanok nafarraren falta sumatuko du. Williamsekin batera, taldeko jokalaririk erabakigarriena da. Muniainek beteko du haren lekua zelai erdian, eta litekeena da Susaeta hamaikakora bueltatzea. Unai Lopez izan daiteke beste aukera.

LEGANES-ATHLETIC

Leganes. Cuellar; Juanfran, Bustinza, Omeruo, Siovas, J.Silva; Ruben Perez, Vesga, Oscar Rodriguez; Sabin Merino eta En-Nesyri.

Athletic. Herrerin; Lekue, Yeray, Iñigo, Yuri; San Jose, Beñat, Susaeta, Muniain, Cordoba; eta Williams.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Butarque (8.138 ikusle)

Ordua. 20:30 (BeIN)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.