Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Apokalipsia guztioi erakutsia

2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ez dago apokalipsirik, lehenaldiarekiko elkartze abegikor eta lasaia baizik» dio Joseba Gabilondoren Apokalipsia guztioi erakutsia liburuko pertsonaia batek. Azken hauteskundeen emaitzen arabera, denboran atzera bidaiatuko dugu nafarrok —batzuek nahita, besteok behartuta—, hala erakusten baitute zenbait zantzuk. Maiz apokalipsia eta hondamendia berdintzen ditugu, baina ez dira sinonimo. Apokalipsia, berez, mundu akaberaren iragarpena da, eta Lau Zaldunak dira errebelazioa aurkezteko arduradunak:«Barkatu eragozpenak, baina...». Lau iragarleen mezuak jaso dituguForu Erkidegoan.

Esporrin PSNko Iruñeko alkategaiak erakutsi zigun zer ekar liezagukeen etorkizunak hauteskunde gauean, «Agur, Asiron!, Agur, agur!» oihuka. Euskaraz zerbait badakiela ezagutu genuen, arerio politikoaz —baita iruindar askoren hizkuntzaz ere— trufatzeko erabili bazuen ere; aitzitik, ez du «Ongi etorri, Maya!» adierazteko abilezia eskuratu. Jakina da Esporrinek ez duela maila nahikorik, eta ikusteko dago zer irakaspen jasoko duen Madrilgo maisuarengandik. Bigarren zantzua UPNko—ala Na+ko?— Mayak berak jakinarazi zigun gau berean, «pertsona normalen gobernua» berriz bueltan ezarriko zuela sendo adierazita. Iruñea lehen aldiarekin elkartzeko asmoa du, baina trantsizioa ez omen da oso abegikorra izanen. Esparzak, hirugarren zaldunak, iragarri du kanpainan Barkosen gobernuak egindako guztia deseginen duela, «UPNrekin hobeki bizi ginen» leloa aditzera emana. Azken berri emaileak, Txibite presidentegaiak, hitz bakarreko mezua helarazi digu: «progresista». Esporrin bezala, Madrilgo azalpenaren esperoan dago, progresismoa zer den zehazteko. Maisua aldatu den arren, egoera ezaguna da.

Etorkizuneko bidaia iraganera itzultzeko dago antolatua, baina oraingo nafarrok ez gara lehengoak, eta atzera bidaiatu nahi ez dutenak ohartu dira ongi eginaz eta akatsez, berriz ez errepikatzeko. Hala behar luke, behintzat. Apokalipsia besterik ez da, ez da oraindik mundu akabera ailegatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.