Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Auto-stop egile galaktikoaren gida (II)

2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«...izaki ustez adinduen osasuna. Behatzen aritu naizen denbora honetan guzian, saiatu banaiz ere, ezin izan dut ulertu zer irizpidetan oinarritzen diren gaixotasunei aurre egiteko jarduerak, ezta zein den neurri horiek abian jartzeko mekanismoa. Ez dut deszifratzeko baliabide nahikorik eskuratu. Sinetsiko ez zenituzkeen gauzak ikusiak ditut Lurrean emandako denboran. Izaki zientzialariek hainbat eritasunen sendagaiak sortu dituzte, eta izaki agintariek (Ik. 2. atala: Nork agintzen du?) diskurtsoetan aipatu ohi dute beren eginkizun nagusia dela biztanle guzien osasuna bermatzea, baina aldi berean ez dute biderik ematen espezie bereko ale eri askok botikak jaso ditzaten. Izan ere, sendagarriak zabal daitezen oztopoak eta debekuak jartzen dituzte maiz. Gobernuburuen aginduz, planetan gaixo eta hildako gehiago eraginen dituzten tresneria militarra etengabe ekoizten da eta industriek produktu kutsagarriak isurtzen dituzte luze eta zabal. Era berean, deigarria da eritasun larri baten kontra egiteko etxealdiak eta elkarren urruntzeak agindu dituzten agintari berek biztanleria ateratzera eta hauteslekuetan biltzera deitu dutela, beren agintaldia berriz berma dadin. Horrezaz gain, lantegietan...».

«...ez dago batere argi zein den neurri horien helburua, planetako biztanleen osasuna bermatzea ala kaltetzea. Datu harrigarri bat: biztanle guziak elikatzeko janari nahikoa izan arren, milioika indibiduo gosez hiltzen dira urtean, izaki agintarien eta zenbait banako arrunten onespenez edo, behintzat, axolagabekeriaz. Izaki zientzialariek aurrerapen handia egin badute ere, oraindik ez dute kapitalismo izurriteari aurre egiteko farmako eraginkorrik aurkitu...».

«Horregatik guziagatik, Zaphod Galaxiako presidenteari jakinarazi diot tarte batez planeta honetatik alde egiteko deliberoa hartu dudala neure osasuna bermatzeko asmotan; hortaz, azken txostena da orain garroen artean duzuna».

(Auto-stop egile galaktikoaren gidaliburutik jasotako aipuak, 765983 or., 6. atala, artikulua: Osasuna)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.