Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Hilde Benjamin 1902-1953

2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ikasle zen garaian lan egin behar izan zuen, emakumea zen, eta horrek outsider bilakatu zuen Hilde Benjamin (1902an Bernburg-en jaiotako gutxi iritsi ziren Zuzenbide fakultateraino). Uwe-Karsten Heye-ren aburuz, konbinazio hark «bere konpromiso soziala indartu zuen». 1919an, zuzendaritza sozialdemokrataren aginduz Freikorpsek Luxemburg, Liebcknecht eta milaka iraultzaile hil zituztenean, Hildek eta bere amak «nazka adierazi zuten etxean eta [Hildek] gauza bera egin zuen bere eskola erreakzionarioan».

Heyeren aburuz (SPDko goi arduradun izandako Die Benjamins-en idazlea), 1933tik aurrera, Naziak botere politikora iristetik, Weimarreko Errepublikako justizia aparatua, inolako aldaketarik gabe, «nazionalsozialismoaren zerbitzari otzana bihurtu zen». Makina hura determinantea izango zen benjamindarrengan (Dora, Walter, Gertrud), baita Hilderen senar Georgen etorkizunean ere. Gutun bidez adierazi zioten Georgi Berlingo medikuen elkargotik egotzi zutela Alderdi Komunistako hautetsia izateagatik, gero eskualdeko medikuen kolegiotik egotzi zuten arrazoi berarengatik. Infernuz infernu joan zen 1942an Mauthausenen hil zen arte, askatasunaren bila. Erorialdian bere seme Mischari gutunak idatzi zizkion, tartean liburu ilustratu bat, olerkiekin, Zoora goaz izenekoa.

1949tik Alemaniako ekialdeko Epaitegi Goreneko presidentea izan zen Hilde. Bere eginkizuna epaile naziak kendu eta naziak epaitzea izan zen. Ia epaile guztiak kendu zituen, jakinaren gainean ekialdeko populazioaren parte nabarmen bat nazien alde zela oraindik. Mendebaldeko prentsan Hilde Benjamin izan zen Ekialdearen kontrako propagandaren zutabeetako bat. Alemania mendebaldeko Der Spiegel astekari inportanteeneko atzerri gaietarako zuzendariak (Mahnke eta Wolff) SSetako ofizial ohiak ziren, «Heydrichen zerbitzu sekretuetako espezialista ohiak».

Alemania mendebaldean San Fernando de Henareseko trantsizio bera egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.