Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Habeas corpus

2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Galdera hauxe: «Nahi ote duzu lizeo publikoek jantzi hauek debekatzea ala baimentzea beren eraikuntzaren barnean?». Galderaren azpian lau jantziren marrazki. Eta bakoitzean jantzi bat, baina bereziki bularra ikusten dela erran daiteke. Titi handiak eta borobil borobilak. Lehenean gain bat bularrekorik gabe irudikatu nahi du. Eta horretarako titiburuak ditu bereziki marraztu. Bigarrenean papo zabaleko bularretakoa da epaitu behar. Hirugarrenean xinkoa agerian, eta laugarrenean bularretakoa agerian uzten duen gaineko bat. Eta sorpresarik ez. Kasik beti gehiengoa debekatzearen alde. 2020an gara eta inkesta hau publikatu berri du Pariseko aldizkari ezagun batek inkesta egile ezagun batekin. 2020an gara eta heldu batzuei galdegiten zaie neskatila adingabeen titiburuak bisualizatzea eta komentatzea. 2020an gara eta oraindik pentsatzen da bortxaketa neskek probokatzen dutela. 2020an gara eta nesken janzkera iritzi kontu bat dela pentsatzen da. Ez eskubide bat. Zuzenki hunkiak direnen askatasun kontuak eztabaidagai. 2020an gara eta ez da erasotzailea, jazarpena, galdekatzen.

Zenbait egun lehenago, berriz, Errepublika Martxan (LREM) alderdiko Anne-Christine Langek Les Republicains taldeko beste diputatu batzuekin diputatuen lan bilkuratik lekuak hustu zituen. Lan bilkurak COVIDak sortu krisiak gazteengan dituen ondorioak ikertzea zuen helburu. Gertatu dena da hitza hartu duten gazteen artean Unef ikasle sindikatuko Maryam Pougetoux bozeramailea hijaba soinean mintzatu dela.

Pieza bereko bi aldeak. Batean sexismoari arrazakeria gehitzen zaiola. Gogora ekar daiteke, agian, 1958ko maiatzeko Aljerren, Aljeria frantsesaren aldeko manifestaldi batean hartu argazki hura. Ageri da aljeriar bat begiak beheititurik, irri eihartuarekin, txaloka, bi emazte europar ari zaizkiola bere haika kentzen.

Baina bietan mezua hauxe: neskak ez zarete zuen gorputzaren jabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.