Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Galderak

2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Astebete neramanlanean —zerri haztegian—, eta bi aste Euskal Herrian finkaturik, lankideak galdera egin zidanean. Eskua zerramaren zulo ilun batean galdua nuela, Albertok galdetu zidan zergatik ikasi nuen euskara, ezertarako balio ez zuen hizkuntza, mallorcarra izanik. Nork galdetu eta Albertok, gaztelaniaz nekez egiten zuen Larraungo mutikoteak. Galderak ustekabean harrapatu ninduen, sinopsi neuronalak eten zitzaizkidan eta horren berezkoa dudan tonto aurpegia agertu nuen. Ez dakit zer erantzunen ote nion, tontakeriaren bat seguru asko, baina gogoan dut zer etorri zitzaidan burura neuronak berriz dantzan hasi zitzaizkidanean: «Kontxo, Alberto, zurekin mintzatzeko! Ez al da arrazoi nahikorik?». Zerritegiko urte luze horietan guzietan euskaraz jarraitu genuen solasean.

Ahaztu samarra nuen anekdotaz oroitu naiz berriki. Duela aste pare bat elkarrizketa batean galdetu zidaten zergatik hasi nintzen euskara ikasten —seguruenik beste tontakeriaren bat erantzunen nion kazetariari, oso urduri jartzen bainaiz horrelakoetan— eta zer egin beharko litzatekeen —genukeen— etorkinek euskara ikas zezaten. Ez dakit zer ote den egin beharrekoa, bertan jaiotako askok euskara bere egin dezaten zer egin beharko ote litzatekeen ezagutzen ez dudan neurri berean. Etorkinen bizkar gainean zama handiegia, edo dagokiena baino astunagoa, kargatzen delako irudipena izaten dut sarritan: hotzikara izan nuen orain dela gutxi sare sozial batean «etorkinen hazkunde demografikoak gure hizkuntzaren akabera» ekarriko zuelako mezu akusatzailea irakurri nuenean. Informazioa emateaz gain, eskatu behar al zaie etorri berriei —bizibidea ateratzeko ibilbidean, askotan hemengoa beste geltoki bat baino ez dute izaten— autoktonoei eskatzen ez zaiena? Zergatik bereizi? Euskaldun zaharra, euskaldun berria, ikastolakumea eta, zerrenda osatzeko beste osagai bat, etorkin euskaldundua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.