Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Egiatasun presuntzioa

2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako poliziek egiatasun presuntzioa dute. Bai, egia esaten dute beti. Aitortu behar dut ez naizela aditu polizia kontuetan, eta horregatik ez dakit funtzionario espainiarrek baino ez duten ahalmen harrigarria edo munduko beste alderen batean ere gertatzen ote den zientziak ikertu behar lukeen berezitasun hura: lepoa jarriko nuke Turkiako demokrazia defendatzeaz arduratzen diren zaindariak ere fidagarriak direla erabat; baina hipotesia besterik ez da, ez baitakit gauza handirik ez Turkiako demokraziaz, ez, lehen aipatu dudan bezala, poliziez. Nolanahi ere, kontua da hutsezina dela poliziaren hitza, eta, esaterako, epaiketa batean uniformedun batek azaltzen baldin badigu manifestari gazte hura buruaz sutsuki oldartu zela hiru kideren borren kontra eta eraso anker horren ondorioz agenteek lesioa hartu zutela eskumuturrean, bada, kontxo, sinetsi beharko diogu, poliziek beti, egoera zein dela ere, egia besterik ezin baitute esan.

Tamalez, XXI. mende honetan, teknologia egia desitxuratzera tematzen da. Zeinek ez du egun smartphone kameradunik sakelan? Azkenaldian maiz gertatzen da manifestariek istiluetan hartutako irudi nahasgarriek poliziaren hitzaren kontra —egiaren kontra, beraz— egiten dutela. Asmo txarreko kazetariek ere, Ahotsa.info-ko eta Ekinklik-eko kideek, adibidez, lan horretan dihardute. Horregatik, egia berdaderoaren defentsan —besteak beste— sortu zen Mozal legea: mila bideok ezin dute inondik inora berdindu poliziakide baten testigantza.

Ai, irudiak eta gezurra. Gobernura iritsi aurretik, Sanchezek kameren aurrean jakinarazi zuen ezabatuko zuela lege hura. Gobernua hartu ondoren —hiru urte pasatu dira— bideoetan ikusi genuen Sanchez bera legea indargabetuko zuela berresten. Baita aste honetako telebistako albisteetan ere; hain zuzen, bere alderdiak lege haren luzapena onartu duela iragarri baino bi egun lehenago. Egia dena. Edo gezurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.