Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Hotza

2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Hotz egiten du. Tenperatura aldaketak ezustean harrapatu gaitu eta, nahiz eta azken botoiraino jaka lotu, ipar haizea sartzen zaigu arroparen zirrikituren batetik hezur mamien bila. Eguraldi zakarra aipatzen dugu aterpe bilatu bitartean, edari beroa eskainiko digun taberna bat. Agian tenperatura ez da horrenbesterako, baina gure sentsazioa beherago doa termometroaren marka baino. Egunkari irekiaren aurrean, kafesneak kolorea ekartzen digu berriz masailetara.

Askoz baxuagoa da tenperatura Bielorrusia eta Poloniaren arteko mugan. Egurats gorrian, milaka lagun pilatzen dira herrialdeak banatzen dituen hesia zeharkatzeko esperoan, Europa batetik beste Europa batera iristeko asmotan, baina migratzaileek bestelako etorkizunaren atea itxita izaten jarraitzen dute. Orain Polonian, atzo Mazedonian, bihar Lituanian, asko dira itxaronaldi horretan bizia galdu eta galduko duten etorkinak, ahal dela bertan lekukorik izan gabe. Varsoviako gobernu ultraeskuindarra egoera probesten ari da Europako Batzordeari presioa egiteko, harekin aurretik duen beste gatazka batetik garaile ateratzeko, eta badirudi momentuz estrategiak etekina ematen diola. Lotsak koloreztatu behar lituzke Europar Batasuneko mandatari hotzen masailak, jokaldi politiko horretan pertsonen ongizatearekin jokatzen baitute, aldez aurretik jakinda betikoek bukatuko dutela galtzaile.

Hemen, Iruñean, tenperaturak behera egiteko erabaki irmoa hartu du. Egunero, Eguberrietako argi jarri berrien pean, hainbat lagun biltzen dira Paris 365 jatetxe solidarioaren atarian. Pandemiaren ondorioz, gero eta gehiago dira bertan otorduak egiten dituzten pertsonak. Elkarteak Salda Beroa ekimena abiatu du etxerik gabeko pertsonei edari beroa, lo zakuak eta mantak emateko. Berriz ere elkarte solidarioak estaliko du zenbaki hotzen menpeko botere publikoak betetzen ez duen hutsunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.