6. billabesa dute zain

Altuna III.ak eta Bengoetxea VI.ak lau eta erdiko lehen finalerdia jokatuko dute gaur, Labriten. Azken bi txapeldunak dira. Betekada izango da

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezer gutxi gehiago eska dakioke lau eta erdiko partida bati. Diziplina horretako azken bi txapeldunak nor baino nor gehiago ariko dira gaur, Iruñean (17:00, ETB1). Labriteko denboraldia ahul samar hasi da, pilotazaleak ez du ondo erantzun, baina gaur salbuespena egingo du Jokin Altunaren eta Oinatz Bengoetxearen arteko partida ikusteko. Harmailak bete egingo dira aurrenekoz sasoi honetan, lehiak merezi baitu. Lehen finalerdia da, eta irabazlea Iruñera itzuliko da bi aste barru. Orduan, baina, Nafarroa Arenan jokatuko du. Edozein dela ere, bere ibilbideko lau eta erdiko hirugarren finala izango du.

Kilometro gutxi daude Labritetik Nafarroa Arenara. Kilometro gutxi izateak, baina, ez du esan nahi bide luzea ez denik. Hori pentsatuko dute, behintzat, Altuna III.aK eta Bengoetxea VI.ak. Pilotazalearentzat erraza da: Labriteko aldapan 6 zenbakidun billabesa hartu, eta Nafarroa Arenara eramango du. Pilotariek ere igo nahi lukete autobusera, baina, sailkatzeko, eta ezustekorik ezean, gogor egin beharko dute lan. Biek dituzte, gainera, euren alde eta aurka egiteko arrazoiak, eta, horregatik, ez dago faboritorik. Apustuak parean irtengo dira.

Altuna da egungo lau eta erdiko txapelduna, baita banakakoa ere. Baina txapelketa honetan ez dabil bere onenean. Astez aste hobera egiten ari da, eta sanmateoetan eginiko zuntz haustura ahazten, baina oraindik ez dago sasoi betean. Iragan igandean, final-laurdenetako ligaxkako azken partidan, nagusitasunez irabazi zion Victor Estebani (22-9), baina pilota ez zuen mugitu berarengan ohikoa den abiaduran. Besoko mina erabat ahaztu du, baina badirudi kosta egiten zaiola kolpea askatzea.

Gaur, gainera, neurria hobekien hartua dion aurkaria izango du. Izan ere, hiru aldiz neurtu dituzte indarrak lau eta erdian Bengoetxea VI.ak eta Altuna III.ak, eta hiruretan nagusitu da Leitzakoa. Aurrenekoa 2015eko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan izan zen, Donostian: 22-7. Bigarrena, berriz, 2016ko final gogoangarrian izan zen, Gasteizen (22-21). Askoren ustez, inoiz lau eta erdian jokatu den partidarik onena izan zen orduko hura. Elkarren aurkako azken partida uztailean izan zen, Labriten hura ere, Sanfermin torneoko finalean (22-17).

Bengoetxea VI.ak joko ikusgarria erakutsi zuen txapelketako lehen bi partidetan, Mikel Urrutikoetxearen (22-14) eta Julen Retegiren aurka (22-2). Joan den ostiralean, baina, eta sailkatuta zegoela, 22-6 galdu zuen Danel Elezkanoren aurka. Gaurko partidak ez du zerikusirik harekin, batez ere egun hartan ez zuelako deus ere jokoan, baina horrelako emaitza batek zalantzak sor ditzake. Partidaren hasiera garrantzitsua izango da leitzarrak orduko mamua uxa dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.