Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Orrialde zuria

2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hilabetearekin batera hasiko naiz oharrak hartzen egunerokoan, miresten ditudan idazle edota zutabegile trebe eta apaindu horietarikoa banintz bezala. Plagioaren bidez, arrakastaren bila.

Apirilak 1

Legegintzaldia amaitu den egunean grabatu dituzte irudiak. Eraildako errepublikazaleen familiarrek senideen gorpuzkiak lurperatu dituzte Iruñeko hilerrian, ekitaldi hunkigarrian. Identifikatu gabeko gorpuak ziren, badira, kutxetan daudenak. Dagoeneko laurogei urte pasatu dira erail zituztenetik, baina aurreko gobernuek ez bide dute urte horietan guzietan faxismoaren biktimak lurperatzeko modurik bilatu.

Apirilak 2

Foru Parlamenturako hauteskundeen deialdia indarrean sartu den egunean 78ko sanfermin odoltsuen gaineko erakusketa mustu dute Nafarroako Parlamentuan. Erregimen post-frankistaren errepresioa ezkutatu nahi izan duen erakundearen egoitzan izanen da ikusgai erregimenaren eta polizia post-frankistaren jarduera errepresiboa.

Liburu bat aurkeztu du Nafarroako idazle batek, euskaraz. Itxura ona du lanak. Idazleak ere bai.

Apirilak 4

Nafarroako erakundeen babesaz hasiko da gaur Korrika; urte askoan euskararen aldeko lasterkak hainbat oztopo gainditu behar izan ditu Nafarroatik pasatu bitartean, garai haietako agintarien kontrako jarrerari aurre eginda.

Inork pentsa lezake albiste atseginik besterik ez dudala hartu. Horrela da. Bukatu berri den lege agintaldian akatsak izan dira, noski, hobetu beharreko kontuak, baina akatsak akats, nahi nizkioke aldaketaren gobernuari gaizki eginak zuzentzeko aukera eta aldaketan sakontzeko abagunea eman. Horregatik ezin dut ulertu Nafarroan abstentzioa deitzen duten balizko ezkertiarren estrategiaren zergatia. Ez dut sekula gustuko izan zenbat eta okerrago, orduan eta hobeki dioen lema. Atzerakoia iruditu zait beti, kontserbadorea; eta baliteke estrategia horrek, egungo egoeran, egunerokoaren orriak oso urrutira bidaltzea, 80 urte atzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.