Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Sentimenduak

2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Aste honetan sentimenduez mintzatzeko saiakera egin dugu klasean. Hiztegia landu ostean, beren sentipenak azaltzeko proposatu diet ikasleei, hainbat egoera hizpide hartuta. Erantzunak oro har motz-motzak izan dira, «ez dakit» batzuk tartean txertaturik. Emaitza ikusita, hasiera batean programatutako galdera baztertzea erabaki dut: ez diet deus ere galdetu euskaldunei sentimenduak adieraztea kosta egiten zaiela dioen leloaz, topikoa ez elikatzeko asmotan. Izan ere, uste dut euskal esferatik kanpo ere adierazkortasun falta bera sumatu daitekeela. Aurten, eskolan elkar ezagutu genuenetik berrogei urte igaro diren honetan, Mallorcako lagun estu-estu bat negarrez ikusi dut lehen aldiz; pentsatzen hasita, ez dakit berak sekula ikusi ote nauen trantze berean.

Aitortu behar dut neronek ere arazoak izaten ditudala barne mundua azaleratu eta jakitera eman behar dudanean, eta, gainera, ohartu naiz azkenaldian sentimenduak adierazteko hiztegia nabarmen murriztu zaidala. Ikasleei paratutako ariketa bera agindu diot neure buruari, zenbait berri mintzagai erabilita. Horra hor emaitza: etsipena izan dut solasaldietan nagusi, suminari, amorruari eta goibeltasunari gaina hartuta, gutxigatik izanda ere. Etsipena aipatu dut gaitzaz mintzatu naizenean, baita gaitza ezabatzeko neurriez zein gaitzaren ondorioez aritu naizenean, motz eta labur adierazita. Sumina atera da Afrikako migranteen irudi zirraragarriak eta aldi berean umiliagarriak ikusi bitartean, baita ultraeskuinak proposatzen duen itsasoa zeharkatzen duten —edo saiatzen diren— pertsona horien egoera «bideratzeko» plana ezagutu ondoren ere. Eichmannen behin betiko soluziotik gertu samar dago. Etsipena, amorrua eta goibeltasuna aditzera eman ditut eraso homofobo baten gaineko gogoeta egin dudanean.

Nolanahi ere, ez dut adorea erabat galdu: solasaldietako hiztegia aberastuko duen albistea noizbait iritsiko delako esperantza dut oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.